Jardunaldian legedi horri atxikitako baldintzapenak aztertu dira karbono gutxiko eta jatorri europarreko produktu industrialen eskaria sortzea helburu duten kontratazio publikoari eta Estatuaren laguntzei dagokienez, baita energian, automobilgintzan, karbono gutxiko erregaietan eta beste balio-kate estrategiko batzuetan dituen inplikazioak ere. Era berean, deskarbonizaziorako pizgarriak aztertu dira, baita Europarentzat estrategikoak diren balio-kateen errefortzua eta Txina bezalako potentzia industrialen erreakzioak ere.
Petronorreko presidenteak nabarmendu duenez, “Europan helburu industrialekin lerrokatutako politika zientifiko-teknologikoak behar dira merkatura egindako ezagutzaren transferentzia babesteko. Teknologian jarri behar dugu arreta, Death Valleytik urrunduz, eta aldi berean, zerbitzuen sektorea indartu eta lidergoari eutsi behar diogu Europa oraindik nagusi den sektoreetan.
Europaren erronka gure gaitasun zientifiko-teknologikoak eta industrialak babestu eta horietan sakontzea da, hau da, zientzia, teknologia eta industriaren arteko sinbiosia sortzea. Modu inflazionistan arautzen dugu, ikuspegi estrategikorik gabe eta politika ekonomikoari eta segurtasun-politikari erreparatu gabe. Oso agertoki delikatuan sartu gara, eta nik uste dut oraindik bizkarra ematen ari gatzaizkiola maila globalean zein Europaren barruan lehia geopolitikoa nagusi duen egiazko munduari. Etxeko lanak egin behar ditugu behar dugun muskulaturaz hornitzeko.
Gure sendotasunetik baino ezin diogu ekarpenik egin Europari. Beraz, has gaitezen eraikitzen modu aktiboan zientzia, teknologia, berrikuntza eta industria barne dituen zutabea. Iberiar penintsulak aktibo handiak ditu; horiek guztiak 2035ari begira dagoen egungo ingurune konplexu eta arriskutsuan lehiakorrak bihurtzeko mekanismoak prestatu besterik ez dugu behar. Ikuspegi eta pazientzia estrategikoaz lan egin dezagun erabakiak hartzeko”.

