Petronorrek, Lindek eta 360 Gasesek 30 milioi euro inbertituko dituzte enpresa industrial berri batean

Petronorrek, Linde Europe eta 360 Gases konpainiekin batera, ONA Bizkaia eratzeko akordioa sinatu du. Enpresa bateratu berri horrek aireko gasak (oxigenoa, nitrogenoa eta argona) ekoitziko ditu Muskizko findegiaren barruan.

Gas horiek findegia bera zein Euskadiko ekoizpen-sareko beste enpresa batzuk hornitzeko erabiliko dira, industriarako funtsezkoak diren industria-gasen horniduraren autonomia eta segurtasuna indartuz. Gainera, ekoizpen-prozesuan iturri berriztagarrietako energia erabiltzea aurreikusten da, eta horrek karbono-aztarna murrizten lagunduko du.

Planta berria Petronorren egungo instalazioetan egongo da. 30 milioi euroko inbertsioa egingo da bertan, eta zuzeneko 12 lanpostu berri eta gutxienez beste horrenbeste zeharkako lanpostu sortuko dira. 2027ko lehen seihilekoan hasiko dira eraikuntza-lanak, eta planta 2029an egongo da erabat erabilgarri; hala, aurreikuspenen arabera, guztira 60 pertsonak hartuko dute parte zuzenean bi urteko iraupena izango duten eraikuntza-lanetan.

José Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilari delegatuaren esanetan, «akordio honek agerian uzten du enpresen arteko lankidetza eta bakoitzaren gaitasun osagarriak batzea ezinbesteko ekintzak direla proiektu industrial berriak bultzatzeko. Lindek proiektu handietan duen nazioarteko esperientzia, 360 Gasesek merkatuari buruz duen ezagutza eta Petronorren industria-gaitasunak oinarri hartuta, ONA Bizkaiak funtsezko ekimen berriak garatzeko gaitasuna izango du. Izan ere, ekimen horiek industriaren sektorearen lehiakortasuna eta berrikuntza bultzatu eta enplegua sortuko dute».