Oraina irabazi, etorkizuna eraiki

Petronorrek urteko jardunaldia egin du gaur goizean San Mamesen. Topaketan, azken urtean lortutako lorpen nagusien balantzea egin da, eta datozen urteetako norabidea zehaztuko duten erronkak izan dira mintzagai.

Jardunaldian, azken hilabeteetako emaitzak, Petronorrek sektorean duen zeregina –orainean eta etorkizunean– eta 2030era begira taxututako ibilbide-orria aurkeztu dira; izan ere, digitalizazioa, negozio eta ekosistema berrien garapena eta «kide izatearen kultura» sendotzea dira ibilbide-orri horren ardatz nagusiak.

Ildo horretan, Petronor osatzen duten pertsona guztien lankidetzaren eta konpromisoaren garrantzia azpimarratu egin da; hala, etorkizuna gidatzeko, partekatutako proiektu baten alde aritu behar da, elkarlanean, etengabe hobetzeko eta prestatzeko gogoa sustatuz eta norbanakoen gaitasunak eguneroko jardunean txertatuz.

Jardunaldian, halaber, abian diren azken proiektuetako batzuk aztertu dira; eta, hain zuzen, proiektu horiek Euskadirentzat aukera estrategiko berriak sortzea eta talentua sustatzea dute helburu. Horietako batzuk dira, besteak beste: polimero mailako propilenoaren dorrea, pirolisi-planta eta Enplegu Eskola.

Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentearen esanetan, «Petronorrek kokagune geografiko paregabea eta lehiatzeko posizio sendoa ditu. Merkatuak prezio lehiakorra duen produktu ona eskatzen du, eta Euskadik gaitasun handiko industria- eta teknologia-ekosistema du. Dena den, giza kapitala da horren guztiaren giltza. Zuhurtziaz lanean eta anbizioz hobetzen jarraitu behar dugu. Petronorrek talde bikaina eta eraginkorra du, eta hori funtsezkoa da, etorkizuna guztion artean bermatu behar baitugu, bakoitzak bere onena emanda. Inguruneak mesede egiten du, baina denon lana da aurrera egiteko aukera ematen duena».

José Ignacio Zudaire Petronorreko kontseilari delegatuak, berriz, hau adierazi du: «Gure sektoreko kide izateaz harro egon behar dugu, eta eguneroko lanak izan behar du gure ekarpena; izan ere, horri esker, etorkizunean proiektu berrietan inbertitzeko kapitala izango dugu erabilgarri. Hauek dira aurrean ditugun erronketako batzuk: segurtasun-kultura sendotzea, pertsonen konpromisoa indartzea, eraginkortasuna hobetzea eta malgutasuna areagotzea».