Muxarra, urautsietako arraina
Itsasoa maite duten eta kostaldean bizi direnen gogoko arrainetariko bat bada ere, ez dakigu asko eta nahaste handia dago euskal kostaldean bizi diren espezien inguruan.Muxarrek bikain erabiltzen dituzte igeriketa-teknikak eta tirain, korronte eta zurrunbilo gogorrak dauden lekuetan bizitzea ahalbidetzen die horrek. Arriskuren bat hautematen dutenean, bat-batean egiten dute ihes, urpeko torpedoak bailira. Esparido hauek, helduak direnean, gainazal gogor eta zorrotzetatik hortz sendoekin kentzen dituzten lanpernak eta muskuiluak jaten dituzte: zortzitik hamar ebakortz eta hagin sendoak dituzte.
Itsasoan nagusi izateko gaitsun hori bere ohitura alderraien ondoriozkoa da. Beste arrain sedentarioek eta bentonikoek ez bezala, zeinak haitzen artean sortzen diren arrailetan bizi ohi direnak, muxarrak etengabe aritzen dira igerian eta arrain multzo handi batetik bestera doaz, harri-lubetek eskaintzen dizkieten elikagaiei onura ateratzeko. Sakontasun ertaineko zulo edo arrailetan gauean atseden hartzeko bakarrik ezkutatzen dira, edo eguneko ordu batzuetan, ongi asetu ondoren. Taldeka bizi direnez, maiz aurki daitezke superportuko blokeen arteko arrailetan multzo handiak, atseden hartzen. Han, kilotik gorakoak ugari dira.
Udaberriaren hasieran, emeak ur-ertzera hurbiltzen dira ugaltzeko. Akermuxarrak bakarrik itxaroten du udara arte. Muxarrek arezko edo legarrezko hondoak aukeratzen dituzte haien arrautza txikiak jartzeko. Gero, arraultza horiek, gainazalera igotzen dira eta planktona osatzen dute. 50 egun inguru beranduago, larbak arrautzetik ateratzen dira eta haien gurasoen itxura oso ezberdina dute. Denbora batez, gainazalean egoten dira alga txikiz eta zooplanktona osatzen duten animalia txikiez elikatzen -krustazeoak eta moluskuak, gehienbat- zortzi edo bederatzi milimetro luze diren arte. Orduan, kostaldera hurbiltzen dira eta hondora jaisten dira taldeka bizitzeko.
Hazi ahala, arraintxoek gero eta konfiantza gutxiago dute, esturiarioak uzten eta urautsietara doaz beraien benetako erreinura. Ez dute lekuz aldatzem aparrak, zurrunbiloak edo olatu handiek erakarrita, haien janari gogokoenak han bizi direlako baizik: muskuiluak eta lanpernak. Gose badira, zizareak eta kurstazeoak ere -karramarroak eta izkirak-, eta zenbait espeziek, algak ere jaten dituzte tarteka. Behin asetuta, lubetak uzten dituzte eta hondora doaz, babestera.
Euskal kostaldean bost espezietako muxarrak bizi dira
Itsasoa maite duten eta kostaldean bizi direnen gogoko arrainetariko bat bada ere, ez dakigu asko eta nahaste handia dago euskal kostaldean bizi diren espezien inguruan.
Bost espezie bizi dira gure kostaldean. Diplodus generoari dagozkio, hortz bikoitz esan nahi duena. Muxarra handia (Diplodus sargus), zarbo inperiala (Diplodus cervinus), muxar arrunta (Diplodus vulgaris), akermuxarra (Diplodus puntazzo) eta muxar buztanbeltza (Diplodus annularis). Horiek guztiek, hortz bikoitzak dituzte, luzeak, zuzenak, estuak eta denak lerro bakar batean daudenak; alboetakoak, aldiz, hagin modukoak dira eta bi edo hiru lerro osatzen dituzte. Akermuxarrak haginen lerro bat bakarrik du, ordea. Muxarra inperialak bost lerro marroi ilun lodik zeharkatzen duten zilar gris kolorea du. Gehien pisa dezakeen esparidoa da, kasu batzuetan, bost kilogramoak ere gainditzen baititu.