Suge biperakara, kalterik ez duen bipera
Udaberria iristen denean, Petronor inguruko paduretako urmaeletan eta ur gezako ur-ibileretan bisitari isil eta iheskorra aurki daiteke, suge bipekara (Natrix maura), Bizkaiko hezeguneetako ugarienetakoa.Harrietatik igotzeko ahalmen handia du eta, zenbaitetan, zuhaitzen adarretara ere igotzen da. Ur gainetik distantzia handiak igeri egiten zeharkatu behar dituenean, airez betetzen ditu birikak eta pisua arintzen du. Ur azpitik badoa, birikak husten ditu.
Suge hau 15 edo 20 minutuz ur azpian egoteko gai da. Han harrapatzen du bere janari gehiena, hau da, zapaburuak, uhandreak, arrain txikiak, igelak eta apoak, lurreko zizareekin osatzen dituenak.
Jaten duenean, harrapariak osorik irensten ditu, bai lurrean bai uraren azpian. Lurrean, harrapatzeko bista erabiltzen du eta uraren azpian, aldiz, estimulu kimikoak ere erabiltzen ditu. Bere mihia ateratzen du harrapakinak erakartzeko.
Suge biperakara, kalterik ez duen bipera
Ofidio oso jatuna da, helduek egunean ehun zapaburu txiki ere jateko gai dira. Baina denbora luzez egon daitezke ezer ere jan gabe, hamabi eta hamasei hilabete bitartean, hain zuzen ere.
Udan, ilunabarrean edo gaueko lehen orduetan ere ikus daiteke uretan.
BERE JARDUERAREN HASIERA
Suge honen bizitza aktiboa martxoaren bukaeran hasten da gure zelaietan, eguraldiaren arabera, egunez neguko babeslekuetan hamar gradutik gora egiten duenean eta airearen tenperatura 11 eta 18 gradu bitartekoa denean.
Bere jarduera gorputzeko tenperatura 19 eta 35 ºC bitartean duenean izaten da, eta aktibo egoteko nahi duenean izan dezakeen gutxieneko tenperatura 11 edo 12 gradukoa da. Hortik behera egiten duen egunetan, ez da babeslekuetatik ateratzen.
Berotzeko -edo tenperatura erregulatzeko- goizeko lehenengo egunetan, beste suge askoren bezala, gorputza lurraren aurka jartzen du, luzatuta, eguzkitan duen azalera areagotzeko eta, gero, janari bila abiatzen da.
Letargiatik atera eta hilabete beranduago, apirilaren bukaeran edo maiatzaren hasieran, jan dutenean, sexualki aktibatzen dira suge biperakarak. Suge gorbatadunak bezala, arrek ez dituzte errituzko borrokarik egiten.
Suge biperakara, kalterik ez duen bipera
Goizaren bukaeran edo arratsaldeko lehenengo orduetan gertatzen da estalketa, landaretza ugari dagoen leku eguzkitsuetan, eta ordu bete edo gehiago irauten du. Bikotea bata besteari lotuta egoten da, luze.
Obulazioa ekainaren lehenengo hamabostaldian izaten da eta emeak, uztailaren hasieran, batez besteko 7 eta 9 arrautza bitartean jartzen ditu, baina 5 eta 23 bitartean izan daitezke. Zuri edo horixka kolorekoak dira, 1,5 cm-ko zabalera eta 3 cm-ko luzera izaten dute eta lepoko antzeko bat eratzen dute gelatina antzeko substantzia bati esker. Goroldioz eta landare baxuz estalitako zuhaitzen sustraiak dituzte gogokoen lekuak arrautzak erruteko, eta baita karraskarien eta lursaguen gordelekuak ere.
Handik 40 edo 60 egunera, -abuztuaren bukaeran edo irailaren bigarren zatian-, jaiotzen dira kumeak, 13 eta 19 zentimetro luze ingurukoak.
Udazkenean, zenbait sugek beste sexu ziklo bati ekiten diote, baina ez udaberrikoa bezain aktiboa. Ez dira estaldura asko gertatzen, oso urriak izaten dira -eguraldi ona egiten duen urteetan izan ezik-, eta horiek irailaren bukaeran eta urriaren lehenengo astearen bitartean izaten dira.
Azkarra da kumeen garapena. Urte bete dutenean, 22 eta 26 zentimetro inguru luze dira, bigarrenean, 27 eta 37 zentimetro bitartean eta 33 eta 41 cm bitartean hirugarrenean. Emeak arrak baino azkarrago hazten dira, -pisuan eta luzeran-, baina arrak lehenago garatzen dira sexualki, haien hirugarren urteko udazkenean estaltzeko moduan baitaude garatuta. Emeak, aldiz, haien laugarren edo bosgarren urteko udaberrira arte itxaron behar izaten dute, -hamabi edo hamalau urtez bizi dira-.
Suge biperakarek bi aldiz aldatzen dute azala urtean, lehena maiatzean, eta bestea abuztuan, baina kasu batzuetan urtean hiru edo lau aldiz aldatu dutela ikusi da.
BITXIKERIAK
Egunez bizi da eta nahiz eta bere itxurak aurkakoa pentsarazten badigu ere, ez du kalterik eragiten, bipera antzerakoa da eta Afrika Iparrekoa eta Mediterraneokoa da. Emeek metro bat neur dezakete, eta arrek 85 zentimetro inguru. Suge gorbataduna (Natrix natrix) bezain arina eta azkarra ez da lurrean, baina uretan hura baino azkarrago eta segurtasun handiagoz mugitzen da, uretako sugea delako.
Ez da asko urruntzen bizi den zona hezeetatik, zelaiak eta inguruko sailak urez betetzen diren egun euritsuetan ezik.