Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi nuke José María Arizmendiarreta zenaren oroitzapena, izan ere, munduak eskaintzen dizkigun leziorik onenak ikastea ona izanda ere –maila akademikoan nahiz politika industrialen eta kudeaketa enpresarialaren arloko esperientziei dagokienez–, ez da inondik ere onura txikiagokoa haren indar-ideiak ikusmolde irekiaz berrirakurtzea, horietan bilduta baitaude datorren hamarkadan gainditu beharreko erronka enpresarialei aurre egiteko beharrezko jarreretako asko. Zehazkiago esanda, hezkuntzaren aldeko apustua, hauxe baita gure bizimoduaren jabe izateko erabakiari aurre egiten lagunduko digun berezko eta nahitaezko euskarria. Bigarrenik, ekimenaren aldeko apustua, hobe baita ekin eta huts egitea ezer ez egitea baino, ekinaren ekinaz asmatzen ikas daitekeen heinean. Eta azkenik, ondo kontuan hartuz Pedro Axularrek XVII. mendearen hasieran idatzitakoa: “Ogirik ez dakusat biltzen, hazirik erein gabe”.