Petronorrek eta Elhuyar Fundazioak finketa-industriaren arloko hiztegi eleaniztuna argitaratu dute

Garbiñe Alkiza, Leire Cancio eta Elías Unzueta, gaur goizean.
Petronorrek eta Elhuyar Fundazioak Petronor Oil&Gas Hiztegi espezializatua aurkeztu dute gaur Bilbon, oil & gas sektoreko kontsulta-tresna bat 1.500 kontzeptu espezializatu baino gehiago eta 300 bat definizio tekniko jasotzen dituena 21 arlotan sailkatuta.

Obra hori, Petronorren 50. urteurreneko ospakizunen barruan aurkeztua, oso erabilgarria izango da finketa-industriako profesionalentzat eta sektorean bidea egiteko trebatzen ari diren gazteentzat.  “Esparru tekniko zein teknologikoetan euskararen garapena eta erabilera sustatzeko ekarpena da”  esan du Elías Unzueta Petronor Innovación-en gerenteak, aurkezpenean zehar.

Hiztegia Interneten kontsultatu daiteke, eta lau hizkuntzatan argitaratu da: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hala, lagungarri izango da euskararen normalizaziorako, eta ikusgaitasuna emango dio euskarari, beste hizkuntza batzuen alboan, sektoreko terminologiaren bidez. Zentzu honetan, Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioaren zuzendariak euskararen normalkuntzarako duen garrantza azpimarratu du,  “euskara enpresa eremura ekartzen duen baliabidea da. Enpresa eremua sektore estrategikoa da hizkuntzaren erabileran aurrera egin nahi badugu”.

Garbiñe Alkiza proiektuaren zuzendariak hiztegia egiteko prozesuan, Elhuyarreko terminologo-taldeak eta Petronorreko adituek egindako elkarlana goraipatu du, eta baita hurrengoa gaineratu ere:  “erabilera hiztegia da, hiztegi honetan biltzen diren terminoak Petronorren dokumentaziotik irten dira, bere prozesuetatik, oharretatik, memorietatik…”.

Prentsa oharra, hemen.

Bideoa, hemen.