Antonio Brufau: “Isuriak murriztu behar ditugu, baina gure lehiakortasuna baldintzatu gabe”

Antonio Brufau, gaur goizean.
Antonio Brufau Repsolen presidenteak hiri-mugikortasun iraunkorrari buruzko SUM Bilbao 19 kongresua ixteko ekitaldian parte hartu du gaur, eta jendaurreko agerraldian argi utzi du errealismoz jokatu beharra dagoela isuriak murrizteko neurriak hartzerakoan: “Espainia planetako isurien % 1 da; beraz, neurriak hartu behar ditugu, bai, baina gure lehiakortasuna baldintzatu gabe. Zintzoak izan gaitezen, baterien % 70 Txinan fabrikatzen da, ikatz-energia guztiz kutsakorrak erabiltzen dituzten ekoizpen-prozesuen bitartez”.

Petronorrek eta Bilboko Udalak antolatuta, gailurrak bost kontinenteetako 40 aditu baino gehiago bildu ditu atzo eta gaur Euskalduna Jauregian, mugikortasunaren maila globaleko arazorik larrienak eta hauei atxikitako aukerak identifikatzeko eta Nazio Batuek zehaztutako Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) lorpenean izan dezaketen inpaktua aztertzeko.

Brufauk mahainguru batean parte hartu du Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Rolad Ries Estrasburgoko alkatearekin, Kataluniako Generalitateko Trenbideen Presidente eta Garraio Publikoaren Nazioarteko Elkarteko buru den Pere Calvetekin eta Emilio Titos Mercedes-Benz Espainiako zuzendari nagusiarekin batera. Kongresuaren amaierako saio honetan, hiri-mugikortasun iraunkorrago baterantz jotzeko hiriek taxutu beharreko funtsezko gaiak laburbildu dituzte.