Gorka Iraizozek makina bat lan Muskizen

Berrehun lagunetik gora izan ziren aurreko ostegunean Muskizko Meatzari Aretoa gaiezka bete zutenak. Umeteria ugari eta jende asko zutunik. Guztiak irrikaz, Gorka Iraizoz atezainak zer esango Athleticen egoeraz eta etorkizunaz.

Aldez aurretik besterik iragarri arren, ez zuen Fernando Llorentek etortzerik izan, azkenen orduko ustebakoak tarteko, baina BYP Eventos Deportivos antolatzaileei adierazi zienez, laster asko Muskizen izango omen da.

Llorenteren etorri ezina inork baino gehiago “jasan” zuena Iraizoz bera izan zen, lagunik ezean ordu erdi luze behar izan baitzuen berak bakarrik behin eta berriz autografoak sinatzen.