Ehun ikasle inguru aurkeztu dira Repsol Fundazioa-Petronor beketara

Abanto-Zierbena, Muskiz eta Zierbena udalerrietako ehun inguru gazte aurkeztu dira Repsol Fundazioak eta Petronorrek 2010-2011 ikasturterako elkarrekin burutu duten Lanbide Heziketarako beka-egitasmora, Enrique Locutura Fundazioaren lehendakariorde ejekutiboak eta Josu Jon Imaz Petronorren lehendakariak prentsaurrean jakinerazi dutenez.

Deialdian bertan aditzera eman zenez gero, aurtengoan 85 beka emateko asmoa dago. 1.500 euroko bekak maila ertaineko zikloetarako eta 3.000 eurokoak, berriz, goi mailako zikloetarako. Guztira, batez beste, 220.000 euroko aurrekontua izango da. Horrez gainera, maila bakoitzeko bi ikaslerik onenei 1.000 euroko diru-kopuru erantsi bana  emango zaie, ahaleginaren suspergarri eta sarigarri.

Iazko zein duela bi urteko deialdien eraginez 123 ikasle izan ziren bekatuak, zeinetarik 13 emakumeak izan ziren, “betidanik gizonezkoenak” izan diren ikas-arloetan matrikulatuak hain zuzen ere. Aurreko bi urteetan bekaren bat irabazi zutenen artean 63 Abanto-Zierbenakoak izan ziren; 53, Muskizkoak eta 7, Zierbenakoak.