Abantoko Lehen Mendi Ibilaldiaren arrakasta

Alejandro Valera, Castroko traineruaren arraunlaria, eta Santurtziko Iñigo Martinez izan ziren igandean Abantoko Lehen Mendi Ibilaldiaren irabazleak, 20 eta 30 kilometroko probetan hurrenez hurren. Guztira 235 izan ziren parte hartu zuten mendigoizaleak.

Serantes, Montaño eta Ventana gailurretan zehar abiatu zirenen artean denetarik izan zen, profesionalak, korrikalariak, bidezidorzaleak, mendizale arruntak zein lagunarteak eta familia osoak. Besteak beste, aipagarri Manu Tejada, Abantoko alkatea, eta Emilio Kortazar Larrazabal abantoarra, 77 urteren jabe izan arren joan-etorri guztia osatu zuen-eta.

Gallarreta Mendi Elkarteak,  probaren eragileak, pozarren nabarmendu du lortutako arrakasta. Ibilaldia Abanto Udalak eta Deiak antolatu dute elkarrekin, Petronorren dirulaguntzaz.