Energia-eredu iraunkorra

“Hornidura bermatuko duen energia-eredu lehikorra behar dugu eta, aldi berean, gure seme-alaben belaunaldiak gurea bezainbateko garapen-mota ekonomiko eta soziala izan dezan segurtatuko duena, ondare onartezinik utzi gabe. Laburbilduz, energia-ereduak iraunkorra behar du izan” aditzera eman du Josu Jon Imazek, Euskal Herriko Kimikarien Elkargo Ofiziala eta Elkartea deritzan erakundeak antolatutako “XXI. Mendeko energia eta garapen iraunkorra” jardunaldietan.

Josu Jonen hitzak aipatuko baditugu, “hornidura bermatu,  energia lehiakorra eskaini eta ingurumenaz iraunkorrak diren ereduak baino ez dira baliagarriak. Gainera, epe luzez behar dute iraun, inbertsioa berreskuratzeko itxaropenetan azpiegiturez zein teknologiaz inbertsiorik egiteko gertu egongo den enpresarik falta ez dadin. Ahaztu ere ezin dugu ahaztu, gaur egungo munduan lau biztanletarik batek ez duela argindarrik bere etxean, eta Europan ehun hiritarretatik berrogeita hamar auto dauden artean, txinatarrek bi baino ez dituztela. Zentzuzkoa da gero pentsatzea afrikarrek zein indiarrek argindarra eta hozgailua nahi izango dutela etxean edukitzea, eta txinatarrek, gure mailara iritsi beharrik gabe ere, euren auto-kopurua gehitu nahi izatea. Horretara, hurrengo hogei urteetan munduan zehar gertatuko den eskabide-hazkuntzari erantzuteko gauza izan beharko luke energia-ereduak”.

Imazen iritziz, “baldintza hauetan  oinarrituz gero, zilegi bekigu petrolioaz, gasaz, indar nuklearraz zein berriztagarriez eztabaidatzea. Behar bada ondorioa zera izango da, guztiak behar ditugula. Eta bakoitzak dituen arazoak (energia fosilek, emisioak; nuklearrak, hondakinak; berriztagarriek kostua eta biltzeko zailtasunak…) konpontzen ahalegitzen baldin bagara, segurutik irtebidea asmatuko dugu. Ez da erraza, baina lortzeko hiru errezeta baino ez daude; teknologia, teknologia eta teknologia gehiago. Eta, zergatik ez, eskatzen hastekotan: eztabaida lasaia eta kontsentsu apurren bat”.