Petronor, euskal kogenerazio-ekoizlerik handiena

Azaroan zehar indarrean jarriko da Petronorren Kogenerazio unitate berria,   guztira 83,6 milioi euroren inbertsioaz.  Horretara, Muskizko findegia izango da euskal kogenerazio-ekoizlerik handiena. Gaur egun Petronor hirugarrena da, Hernaniko Zikuñaga  eta Gasteizko Michelin enpresen ondotik.

Orain, findegian bertan kontsumitzen duen argindar guztiaren %87 sortarazten du Petronorrek. Hurrengo egunetan abian jarriko den kogenerazio-unitateari esker, berriz, %156 sortuko du eta soberakina sareari salduko.  Honek ez du esangura, haatik, Petronorrek behar duen baino argindar gehiago ekoizteari ekin dionik, datorren udazkenean lanean hasiko den FMU (Fueloila Murrizteko Unitatea) egitasmoaren eskariari erantzuteko  aurrez prestatzen ari dela baino. Helburua  behar duen argindar guztia bere kautan ekoiztea da, beti ere autonomia, energia-eraginkortasuna, gastu-murrizketa eta ingurumen-irizpideak gogoan hartuz.

Kogenerazioa deitzen zaio argindarra eta beroa aldi berean ekoizten dituen sistemari. Hau da, ohiko zentraletan argindarra alde batetik eta lurrun-galdaran beroa bestetik eragin beharrean, sistema bakar batez lortzen dira biak, argindarra nahiz beroa, energia-eraginkortasuna areagotuz.

Kogenerazioa da Administrazio Publikoak argindarra ekoizteko saritzen dituen sei sistemetarik bat. Beste bostak hondakinak, biomasa, hidraulikoa, haize-errotak eta eguzki-indarra dira. Herri-Administrazioaren ustez sei sistema hauek sustatu beharrekoak dira, euren energia-eraginkortasunari esker erregaien kontsumoa murrizten baita eta ingurumena jagon.