Alferrik galdutako zuhaitzen birlandaketa Petronorren inguruan

Egunotan 180 zuhaitz eta zuhaixka berri birlandatzeari ekin zaio, orain urte bi jarri zirenetatik alferrik galdu diren landareak nolabait ordezkatu gurarik. Ekintza hau Petronorrek sustatua da, Jabier Loidi eta Amador Prieto Euskal Herriko Unibertsitateko doktoreen zuzendaritzapean.

Zehatz-mehatz, bertako 81 zuhaitz eta zuhaixka-mota dira Barbadun errekaren eskuin-ibarrean landatuko direnak,  lau metro besteko garaieraz. Horrez gainera, 100 sahats ere sartuko dira, Petronorren kanpoko perimetroan zehar, bidegorriaren ondotik.

Duela bi urte, 2009ko urtarrilean, Petronorrek 407 zuhaitz –astigarrak, lizarrak, hostazuriak eta zurbeltzak— eta 768 zuhaixka –erramuak, zuhandorrak, arantzabeltzak, elorri zuriak, arantzabeltzak,  basaerramuak, intsusak, karraskilak eta hurritzak— eskatu zizkion Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Departamentuari Barbadungo eskuin ibaiertzeko landare birpopulaketa proiekturako.

Hain zuzen ere, duela hamar urte Konpainiak findegian landatuko zuen zuhaitz hesiaren “Petronor 2001” proiektuari ekin zion. Garai hartan ilusio hutsa zena, 10.000 zuhaitz baino gehiago landaturiko errealitate bihurtu da gaur egun.

Proiektu honen gauzatze eta idazketak, 4 urteko mantenua eta 5 urteko lanen jarraipena barne, 131.640,00 euroko inbertsioa eskatu zuen. Ingurumen Ministerioak, Bizkaiko Foru Aldundiak zein Muskizeko Udalak ofizialki baliozkotzat jo duten proiektua dugu, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren politikarekin bat dator eta Bizkaiko Basozaintza Elkarteak oso ongi balioetsi du.