Ingurumen Diputatuaren bisita

Josu Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Diputatua atzo izan zen Petronorren Findegian, ingurumenaren zein energia-eraginkortasunaren aldetik erabat nabarmenak diren inbertsioak zertan diren bertatik bertara ikusi ahal izateko. Besteak beste, Fueloila Murrizteko Unitatea (FMU) eta Kogenerazio Sistema, 835 milioi euroren aurrekontuaz oro har. Diputatuarekin batera bertan izan ziren Maria Uribe, Ingurumen zuzendaria, eta Xabier Arana, sail bereko teknikaria.

Petronorren Ingurumen saileko zein FMU bateragile-taldeko teknikariak tarteko, foru-erakundearen hiru ordezkariek ur-garbiketa arloan burutzen ari diren egitasmo biak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Hau da, Findegiko Urak Arazteko (FUA) sistemari atxikiak amaitzear dauden aurre-garbiketa egitasmo biak.