Imazek kudeaketaren berrikuntza aldarrikatu

Repsol taldearen Findegien zuzendari nagusia den aldetik, Josu Jon Imazek berrehun inguru langile bildu ditu gaur Petronor findegian, 2011-2016 tarterako Findegi Estrategiaren berri bertatik bertara eman ahal izateko.

Mundu mailan eskabideak izan duen murrizketaren eraginez findegietako marjinek azken urteotan jasandako beherapena onartu ostean, Imazek nolabaiteko susperraldi txikerren bat iragarri du, baina krisiaren aurreko mailetara inondik ere iritsiko ez dena. Petronorren lehendakariak hainbat estrategia azaldu du marjinak gehitzeko, aurten bertan indarrean jarriko den Fueloila Murrizteko Unitatea edo koke-planta gehienbat.

Etorkizun-erronken artean, bezeria gogoan hartu, lehiakortasuna areagotu eta produktu berriak lortzeaz gainera, etenik gabeko hobekuntzak erdietsi beharra azpimarratu du ingurumen-arloan zein CO2 isurien murrizketan. Aldi berean, berrikuntza aldarrikatu du “jarduera eta kudeaketa praktikarik onenez baliatu beharra, enpresa-antolaketaren baitan ahalik eta eraginkortasunik handiena bideratu ahal izateko”.

Hitzaldia hasi aurretik, enpresa-komiteko batzordekideek konbenio kolektiboaren negoziazioari dagozkion proposamenak luzatu dizkiote Imaz presidenteari.