FMUren atzerako kontaketa hasi da

Fueloila Murrizteko Unitatea indarrean jartzeko atzerako kontaketa bertan da. Puzzlearen pieza guztiak elkarrekin muntatzen hasiak dira honezkero, koke-plantak bere bideari ekin diezaion aurtengo laugarren hiruhilekoan zehar. Euskadin sekula izan den industria-egitasmorik galantenaren eraikuntza 2009ko martxoan hasi zen eta aurten amaituko da.

FMUren egitasmoaren baitan erantzukizunik duten laurogei inguru aginte-arduradun, ikuskatzaile eta teknikari atzo bildu ziren helburu bakar batez, alegia: “egitasmoaren azken faseari ekin aurretik antolakuntza osoa ildo beretik abian jarri, segurtasunez, epez, kalitatez zein kostutan erabateko arrakasta bermatu ahal izateko”.

Abian jartze honek eskatuko du, besteak beste, jarduera guztien plangintza zehatza, koordinazio areagotu beharra, guztion ikuspegi osotua, taxuz eta zentzuz ikuskatzaile-lanen sakontasuna, beti ere esku hartzaile guztien arduraz eta konpromisuaz, eta atzerako kontaketa hau zuzenduko duen operazio-buruzagi edo buru erabakitzaile bakarraren agintepean.

Elkarrekin bat etortzeko jardunaldi hau Somorrostro Irakasgunearen batzar-areto nagusian eratu zen, eta mahaiburu izan ziren honako bost hauek: Víctor Pérez de Gezuraga, Petronorren zuzendari nagusia; Modesto Fernández, Repsolen ingeniaritza zuzendaria; Fermín Iniesta, Repsolen Downstream egitasmoen zuzendaria; José Manuel Casado, Repsolen FMU egitasmoaren arduraduna eta Joaquín Ayani, Petronorren FMU egitasmoaren bateragilea.