Santiagoko ospakizuna Pobe

Muskizko Udalak Pobeñako aterpetxean Santiago eguna ospatu zuen astelehenean, hantxe zeuden erromesei harrera eta luncha eskainiz. Munduko hainbat lekutatik (Taiwan, Estatu Batuak, Suitza, Zaragoza, Bartzelona…) etorritako 22 ibiltariak, egun adierazgarri hau gozatu zuten.

Borja Liaño Muskizko alkatea, Amaia Ibañez turismo zinegotzia, Rufino Manterola alkate ordea eta Arantza Landeta Enkarturreko turismo arduraduna bertan izan ziren, eta santuari berari esker ezaguna den eguna erromesekin partekatu zuten. Aurten Muskizetik 1700 erromes pasatu dira honezkero, iaz baino 100 gehiago.

Aterpetxearen mantenuari dagokionez, Muskizko Udala da honetaz arduratzen dena, baina haren kudeaketa osoa “Los Amigos del Camino de Santiago” taldeak darama; hauek arduratzen dira zabaltzeaz, ixteaz, garbitzeaz eta gainerakoez jasotzen dituzten diru-laguntzak tarteko.