V. Ehiza eta Arrantza Azoka, Muskizen

Muskizko V. Ehiza eta Arrantza Azoka oilagorretan trebeak diren hiru adituren hitzaldiaz hasiko da bihar. Larunbatean modalitate hauen inguruko erakusketak, ikuskizunak eta jarduerak izango dira.

Bihar, arratsaldeko 19:00etan, Meatzari Aretoan, hiru Setter-hazleen eskutik oilagor ehizaren inguruko hitzaldia izango da: Alberto Markina, Jose Ángel Iturregi eta Jose Miguel Flores hizlari eta Juanjo Alea moderatzaile. Gainera, hiru erakusketa ikusi ahal izango dira: Fernando Gomezen irudi eta margolanak, Oscar Poncelaren  taxidermia eta oilagor ehizaren trebakuntzarako lepokoak.

Larunbatean, 10:30etatik aurrera, Donibane Plazan, ekintzak, txapelketak, doako dastatzeak eta bestelako entretenimendurik ez da falta izango. Gainera, stand ezberdinak egongo dira: txori abeslariak, txalupa maketak, tiragomak, korapilo tailerra, asmamen jokoak, antzinako altzariak eta produktu gastronomikoen salmenta. Horrez gainera, ehiza-txakurren, hegazti harraparien eta zulo-txakurren erakusketak ikusi ahal izango dira. Aurten, azpimarragarria izango da Bilboko Udalak antolatutako hiritarron babeserako txakurren ikuskizuna; baita haitz-arrainen zein basurde dastatzea ere.