Petronorren instalazioak mundu mailako estandarrik onenak betetzen dituzte

“Instalazioen egoera eta Petronorren arrisku kudeaketa negozioaren mundu mailako estandarrik onenekin konparatu daiteke”, hau da Findegia bisitatu duten biraseguratzaileen balorazio positiboaren laburpena.

2009ko martxoan egindako azkenengo bisitatik geroztik, urriaren 16, 17 eta 18an zehar, Petronorren izan diren biraseguratzaileek Findegiaren segurtasun maila handitzeko asmoz burututako hobekuntzen jarraipena egin dute.

Azkeneko batzarrean, taldearen bozeramaileak, Petronorren eguneroko jardueran, instalazioen egoera eta beren arrisku kudeaketa negozioaren mundu mailako estandarrik onenekin konparatu daitekeela esan zuen.

Hiru urtero, mota honetako bisitak egiten dira instalazioen egoera eta funtzionamendu egokia gertutik ezagutzeko. Instalazioen segurtasuna, kudeaketa sistema, prestakuntza eta larrialdi baten aurrean gure erantzun gaitasuna baieztatzeaz gainera, aseguruen primen baremoa ezartzeko ere erabiltzen da.