Peio Agirreoak: “Txoporen itzalak San Mamesen gainetik hegan egiten du oraindik”

Iago Herrerin, Athleticen atezaina, eta Peio Agirreoa zein Iñaki Lafuente atezain ohi gorri-zuriak hitzaldia eskaini zuten, atzo, Muskizko Meatzari Aretoan. Athleticen izandako esperientziaz mintzatu ziren, baita atezainaren garrantziaz, Iribar ahaztu gabe: “izan den atezainik onena”.

Athleticen atean dagoen eztabaida izan zen hitzaldian jorratu zen lehenengo gaietako bat: “beti egon da eta eztabaida dago 2 edo 3 atezain postua lortzeko lehian daudelako, eta hori atezainarentzako zein taldearentzako ona da” esan zuen Lafuentek. Agirreoak, bere aldetik, Txopoarekin eztabaidarik ez zegoela gogoratu zuen, “bere itzalak San Mamesen gainetik hegan egiten du oraindik eta betiko egongo da. Izan den atezainik onena da”. Herrerinek taldean duen egoeraz ere hitz egin zuen: “ez da polita inoren lesioagatik jokatzea, baina zenbat eta gehiago lan egin entrenatzaileari zailago jarriko diogu”.

Athleticen atezaina izatea duen garrantziari dagokionez ondarrutarrak “San Mamesen run-runa existitzen” dela esan zuen, eta Lafuentek “San Mamesen ezberdina” dela gaineratu zuen, “modu ezberdinean bizi egiten da, edoski dugulako”.

Hitzaldian zehar atezainaren eginkizunaz ere hitz egin zuten: “atezainaren bakartasuna existitzen da eta niretzako buruko gaia tekniko-taktikoa baino garrantzitsuagoa da, beste modu batean eginak gaude; postu zaila da baina polita” esan zuen Peio Agirreoak. Barakaldoko atezainak bere aldetik hurrengoa gaineratu zuen: “akatsak gainditzeko eta haiekin bizitzeko kapazak bazara, errazagoa da guztia; atezaina taldearen jokalaririk koherenteena da eta gaur eguneko futbolean funtsezko pieza da, gero eta integratuago dago taldean”.

Iago Herrerin ez zen joan berarentzako Athleticera bueltatzea izan duen garrantziaz mintzatu gabe: “heltzea ez da zaila, mantentzea baizik. Duela 3 urte ez nuen uste bueltatuko nintzenik, baina bueltan nago, helduago, eta gozatzeko eta izan dudan lanaren fruituak ateratzeko momentua da”.

BYP Eventos Deportivosek antolatutako eta Petronorrek babestutako hitzaldia amaitzerakoan atezain kamiseta zozkatzeaz gainera, bertaratu ziren ume guztiek jokalariekin argazkia ateratzeko eta haien sinadura lortzeko aukera izan zuten.

Argazkiak, hemen.