Petronorrek eta Cebekek enpresa-topaketa izan dute Muskizko findegian

Petronorrek bere energia-eraginkortasunerako eta CO2 isurien murrizketarako proiektua hainbat enpresariri zein Cebekeko kideri ezagutarazi die, gaur goizean, Muskizko findegian izandako enpresa-topaketan.

Frogagarriak, arrakastatsuak, berritzaileak eta transferigarriak diren hainbat praktika zein esperientzia enpresariekin partekatu ditu Petronorrek, adibide moduan izan dezaten haien lehiakortasuna hobetzeko orduan. Helburu horrekin, Urko Urbizu Findegiko Energia Kudeaketa eta CO2 Murrizketa buruak pausuz pausu azaldu die konpainiaren energia-eraginkortasunerako eta CO2 isurien murrizketarako anbizio handiko plana.

Ezagutza partekatzeko eztabaidaz gainera, bisitariek Petronorren historia eta fintze-prozesua gertutik ezagutzeko aukera izan dute Jose Ignacio Zudaire Petronorren Komunikazio arduradunaren azalpenen bitartez. Ondoren, Fran Fernandez zuzendariorde teknikoak FMU proiektuari buruz xehetasun guztiak eman dizkie. Jardunaldia Findegiko instalazioak bisitatuz amaitu da.