Petronorren teknologia-erronka

Heltzear da Petronorren Itsas Kaira bi zama berdinezak dakartzan itsasontzia. Batetik, Mexikotik, Olmeca izeneko 66.000 tona gordin arin. Eta, bestetik, Kanadatik, 77.560 tona Western Canadian, jatorriz petrolio edo bitumen-hareetako petrolio gordina. Olmeca deritzan gordin arina ohikoa da eta Western Canadian delakoak, aldiz, teknologia berezia behar du.

Western Canadian deritzana petrolio astuntzat jotzen den mota bat besterik ez da. Petronorrek hainbat hamarkadatan dihardu mota honetako petrolioak fintzen eta, etortzear den hau ere, era beretsuan prozesatuko da. Etorkizunean, gero eta petrolio-mota astunagoak findu behar izango dira eta, horretara, gero eta teknologia landuagoa behar izango. Beti ere, jakina, ingurumen-baldintzak zorrotz betez, CO2 isuriak murriztuz eta merkatuak eskatu ohi dituen berezitasunen araberako gasolinak eta gasoilak lortuz. Sekulako erronka.

Orain dela berrogei urte sortu zenetik hona, Petronorrek etengabe inbertitu baino ez du egin, etorkizunak erakarriko duen gordin-merkatu berriari ahalik eta teknologiarik landuenaz erantzun ahal izateko. Honen guztiaren froga nabarmena da azken bi urteotan energia-eraginkortasunean ezarri diren 49 milioi euro besteko inbertsioak. Gogoratzekoa da, bestalde, Petronor izan zela espainiar estatuko lehen findegia berunik gabeko gasolina fabrikatzen.

Aldi berean, ezin azpimarragarriagoa da azken bi urteotako 19 milioiren inbertsioa CO2 isuriak murrizteko. Ondorio ezin hobeak izan dituen egitasmoa, besteak beste. Gogoan izan helburua zela 2016 urterako CO2 isuriak %15 murriztea, baina helburu hori 2013 urterako lortu zenez gero, beste helburu bat jarri da indarrean, bi urte barrurako isuriak %20 murrizteko.

Petronorrek betidanik uste izan du ingurumen-neurriak zein iraunkor-estrategiak eta energia-eraginkotasunerako programak ezin direla gastutzat jo, lehiakortasun-faktoretzat baizik. Estrategia hauek gogoan ez dituzten enpresek porrot egiten amaituko dute noiz edo noiz, eta estrategia horiek indarrean jartzen dituztenek, aldiz (legeak eskatzen dituenak baino baldintzak zorrotzagoak betetzeaz gainera) aberastasuna eragiten eta lanpostuak sortzen jarraitu ahal izango dute euren inguruan.