Zierbenak Maxi Ba

Zierbenak hildako Maxi Bañales herriko historialari eta bolaria omendu zuen, pasa den maiatzaren 17an, La Cuestako Katxete Bolo-jokoaren karrejuan. Ekitaldia Punta Luzero Kultura Elkarteak, Zierbenako Udalak eta Trueba Zentroak antolatu zuten.

Txikitatik Maxi Bañales Zierbenako historia zein kulturaz interesatu zen, horregatik kostaldeko herrirako garrantzitsua zen informazioa berreskuratu eta babestu zuen. Hala ere, bere grina Katxete Bola-jokoa izan zen, lehendabizi bolari moduan eta ondoren “El Ciervo” Bola-joko Elkartearen idazkari bezala. Hogei urte baino gehiagotan lanean ibili zen antzinako modalitate hau Zierbenan zein Enkarterrin mantentzeko; gainera- Petronorren babesa duen- Zierbenako lehen Katxete Bola-joko eskola sortzen lagundu zuen.

Omenaldia 12:00etan hasi zen gizonezkoen jaurtialdiarekin; Enkarterriko hainbat karrejuetako 30 bolari inguruk parte hartu zuten.  Uriosteko Egoitzek irabazlearen trofeoa jaso zuen. Horrez gainera, bertako publikoak eskatuta, antolatzaileek ekitaldia luzatu behar izan zuten emakumeen jaurtialdiarekin. Esther Bañales Euskadiko txapeldunak, omenduaren alabak, lehen saria irabazi zuen.

Sari banaketaren ostean, Maxi Bañalesen seme-alabek antolatzaileen eta Begoña Romo Petronorren Kanpo Harremanetako arduradunaren eskuetatik jaso zuten bere aitaren erretratua.