Muskizko airearen kalitatea Euskadiko kutsadura gutxiko udalerrien atmosferaren parekoa da. Honela baieztatzen du UPV-EHUk Muskizko udaletxean aurkeztutako txostenean. Ikerketa euskal unibertsitateko Zientzia Kimikoen fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Taldeak garatu du.
Azterlanak laginak hartu ditu, Geltokia Kaletik eta San Julian de Musquesetik, 2011ko uztailetik 2012ko ekainera bitartean. Ikerketaren arabera Muskizko airearen kalitatea kutsadura gutxi edo neurri baxuetan duten udalerrien atmosferaren parekoa da, eta ona edo onargarria izan da egunen %92an. Aztertutako aspektuen artean 18 elementu identifikatu dira, batzuk itsasotik gertu dauden inguru gazietan ohikoak direnak (sodioa, magnesioa, potasioa, estrontzioa), beste osagai batzuk jatorri antropogenikoa daukate: burdina, artsenikoa, antimonioa, barioa, kadmioa, kobrea, kobaltoa, etab. Esan beharra dago haizearen norabideak laginen karakterizazioan eragina duela.
Beste udalerrietako ingurumenarekin alderatuz KOLak, konposatu organiko lurrunkorrak, kontzentrazio txikitan daude Muskizen. Legegintzak arautzen duen bakarra bentzenoa da, bere urteko batez besteko muga 5 mikrogramo/metro kubiko izanik. Zentzu honetan, Muskizko bentzeno neurketarik altuenek araututako muga baino lau aldiz gutxiagoko balorea eman dute.
Kutsatzaile fisiko-kimikoei dagokienez (ozono, nitrogeno oxidoak, sufre dioxidoa) txostenak dio lortutako emaitzak legegintzak ezarritako mugen barruan daudela. Azpimarratu beharra dago Muskizko ozono kontzentrazioa nekazaritza guneetan dagoenaren parekoa dela.