Pobe

Pobeña 1890. urtera bueltatu zen atzo, herriko meatzari iragana berreskuratzeko,  XIX. mende amaierako ohiko uda islatuz.

Pobeñatarrek meatze-patroiak, burgesak, garbitzaile, saregile, errementari… bihurtu ziren atzo, burdin mearen erauzketan eta erreminten biltegian edo pañolean, notariotza edo enrole bulegoan lan egin zuten muskiztarren bizitza islatzeko asmoz. Guztia garai horretako gizarte ezberdintasunen adierazgarri.

Egunean zehar, iaz bezala, auzoko nagusiei omenaldia eskaini zitzaien, Francisco Fernandezi hain zuzen ere, Kobaroneko meatzean meatzari izan zenari. Horrez gainera, duela gutxi hildako auzokideak gogoan izan ziren, Beatriz La Fuente Lopez bereziki.

Trueba Zentroak, Auzolaguna Kultura Elkartearekin eta Muskizko Udalarekin batera, antolatutako jai egunaren seigarren edizio honetan Urdaxeko Udalaren ordezkariak ere izan ziren, Somorrostroko meategietatik Nafarroako herri honetako burdinoletara eramaten zen burdinaren oroigarri. Gainera, Rufino Manterola Muskizko alkateordeak Santiago Villares Urdaxeko alkateari oroigarria eta bi udalerriak senidetzeko dokumentuaren zirriborroa eman zion.

Argazkiak, hemen.