Petronorrek palma olio trafiko berria eragingo du Bilboko Portuan

Petronorrek, 2014an zehar, palma olio trafiko berria eragingo du Bilboko portuan, bioerregaia sortzeko lehengai honen 60.000 tona sartuz.

Bilboko Portu Autonomoak, Bilbao Port, solteko salgai likidoen artean merkantzia berria barne hartu du: palma olioa. 2014an zehar lehengai honen 60.000 tona sartuko dira portuan, bioerregaia sortzeko, automobilgintzarako gasolioa hain zuzen ere. 

Palma olioa, bere zetano zenbakiko baldintzei esker –diesel zikloko motorren funtzionamendu egokirako funtsezko parametroa- energia iturri iraunkor eta berriztagarria izango da. Modu honetan, Petronorrek bere lehen urratsak emango ditu biofindegi gisa.

Bilboko portuaren eta finketa sektorearen arteko harremana 1883an hasi zen. Natividad de la Puerta ikertzailearen lanen arabera, urte horretako maiatzaren 5ean Noticiero Bilbainon aipatu zen Espainiako lehen petrolio findegia Bizkaian zegoela, Zorrotzako puntan, Fourcade eta Gurtubay jabe zituela. Jarduera horren petrolio-gordin kargamentua, 11.000 tona inguru, inportazioen %4.5a ziren eta %8a erosketen balioaren gainetik.

Bilboko portuaren eta finketa sektorearen arteko harremana Petronorren finkapenarekin sendotu zen. Gainera, findegiak 70. hamarkadan egindako kanpoaldeko handitzeari esker, portua ekonomiaren sustatzaile garrantzitsua bilakatu da eta, bertan, Bilbotik baztertutako jardueren kokapena erraztu da. Gaur, Zorrotzako findegirako lehen petrolio-gordin kargamentuak heldu zirenetik 130 urte pasata, Petronorren solteko salgai likidoak Bilboko portuko trafikoaren %40a baino gehiago dira.

Orain, palma olioak Bilboko portuko trafikoan aldaketa berria ekarriko du, Petronorrekin batera merkantzia iraunkor eta berriztagarrietan aitzindari izanik.