The Guardian-ek Andreu Puñet Petronorren kontseilari delegatuari egindako elkarrizketa

Petronor Repsol taldearen (%85,98) eta Kutxabanken (%14,02) petrolio eta gas enpresa euskalduna da. Duela gutxi bere sustrai nagusiak findegian egindako inbertsio egonkorrari esker, Petronorrek etorkizunean eskualdeko enpresarik garrantzitsuena izaten jarraituko duela ziurtatuta dago.  Andreu Puñetek, 2014. urtearen hasieran zuzendari nagusiaren kargua bere gain hartu zuenak, The Guardian-ekin hitz egin zuen bai Petronorrek Euskadin egiten dituen lanei bai lan egiteko duen modu berritzaile eta jasangarriari buruz.

The Report Company:  Garai bereziki txar batean sartu zinen Petronorren. Izan ere, 2013a izan zen enpresak urtea zenbaki gorritan ixten zuen lehenengo aldia.  Zeintzuk izan dira eman dituzun lehen pausoak egoera hori konpontzeko?

Andreu Puñet: Enpresaren epe luzerako garapen estrategiaren barruan nago, beraz beste batzuk utzi zuten puntutik hasi naiz ni.  FMUa Fuel-olioa Murrizteko Unitatearen proiektu osoa prozesu luzea eta zaila izan zen; 2006an hasi eta 2011n amaitu zen, eta antolakuntza osoaren ardura guztia eskatzen zuen.  FMUaren unitateak, azkenean, modu eraginkorrean jarri ziren martxan, baina garai horretan bizi zen egoera ekonomiko ezkorrarekin batera gertatu zen.  Horregatik, 2013. urtea Petronorren lehenengo galera-urtea izatea, niretzat, guztiz egoeraren menpe dago.

Azken zortzi hilabeteotan, langileengan etorkizunari begira ilusioak piztarazten saiatu gara, jendea apur bat etsita baitzegoen jaitsiera ekonomikoaren ondorioz. Petronorreko 940 langileei negozioa hobetzen guztiok lagun dezakegula pentsatzeko konbentzitu eta ideia berriak aurkeztera animatu ditugu.

TRC: Zeintzuk dira Petronorrek aurten izango dituen helburu nagusiak?

A.P.: Pertsona talde bera gara, baina proiektu berrietan lan egiten ari gara.  Gure proiektu garrantzitsuena, Petronor berriz bultzatuko duela espero duguna, Petronor Barria deiturikoa da.  Gure lehiakortasuna eta jarraitutasuna epe luzean hobetzeko asmoa du, petrolio gordinen hautaketa hobetuz, lanen kostuak murriztuz, balio erantsi gehiago duten produktuak eskainiz, modu eraginkorragoan lan eginez, gure lanen segurtasuna azpimarratuz, ingurugiroa babestuz eta tokiko komunitatearekin harreman onak garatuz.

TRC: Zertan datza Petronor Barria proiektua?

A.P.: Koker unitate berriei esker petrolio gordina gehiago findu ahal izango dugu eta, ondorioz, gehiago balio duten produktu arinagoak lortu ahal izango ditugu.  Energia eraginkortasuna ere beste gai garrantzitsu bat da: gure lanen kostuen ehuneko 70 energia kostuak dira, beraz, hor badago aurrezteko aukera handia.  2013an jada asko aurreztu genuen, eta aurten energiaren gastuan 30-35 milioi euro inguru murriztu ditugu joan den 2013arekin alderatuz. Gasolina eta diesel gehiago esportatuz gure ekoizpena areagotzea ere beste erronka garrantzitsu bat da.  2014aren hasieran, gure ahalmenaren ehuneko 67an lan egin genuen eta orain ehuneko 92an gaude.

Era berean, lehengai berriak erabiltzen hasi gara, besteak beste landare-olioa.  Azken bi hilabeteotan palma olioa eskuratu dugu eta diesela ekoizteko erabili dugu.  Nahiko ekoizpen txikiari buruz hitz egiten ari gara, 60.000 tona urtean, baina guk ditugun beste produktu batzuk hobetzeko aukera ematen digu horrek.  Sufre gutxi duten fuelak ere ekoizten ari gara, funtsean esportatzeko direnak.

Fintzeko lana maximizatzeko, hidrogenoa lortzeko aukera eta desulfurazio ahalmena areagotzen saiatzen ari gara. Horri esker, sortuko dugun balio erantsia are handiagoa izango da.

TRC: Uste al duzu enpresak aurten irabaziak izango dituela?

A.P.: 2013ko ekainean Petronorrek bildu zituen emaitzek 60 milioi euroko galerak adierazten zituzten.   Une honetan, zenbatekoa 10 milioi eurotan dago, beraz hobera egin du.  Halere, emaitzak neurri handi batean parametro orokorren menpe daude eta parametro horiek gure kontroletik kanpo daude, besteak beste, petrolio gordinaren prezioa edo dolarraren trukea.  Ahal dugun guztia egiten ari gara eta enpresa osoak helburuekin bat egiten du.  Gogor lan egiten ari gara eta, merkatuaren baldintza txarrak kontuan hartuta, esango nuke gure emaitzak onak izan direla.

TRC: Zein izango litzateke agintean daramatzazun lehenengo zortzi hilabete hauetan hartu duzun erabakirik garrantzitsuena?

A.P.: Inork ezin du 940 langile dituen enpresa batean gai baten inguruan berak bakarrik erabaki.  Perspektiba berri bat duen kanpotar gisa, langileengan itxaropena berpizten saiatu naiz. Izan ere, langileek FMU proiektuan hainbeste esfortzu egin ondoren ez zuten emaitza baikorrik izan eta gainera Petronorren ibilbidearen lehenengo galera-urteren lekuko izan ziren.  Ez dut baikorra izan nahi nazioarteko merkatuaren tarteak ez direlako onak, baina gure plan berria, Petronor Barria, bide onetik doala dirudi.

Nire estrategia, orain arte, antolakuntza osoa balioa lortzeko ideiarekin ados jartzea izan da.  Asmoa enpresako pertsona bakoitzari bere ekarpena baliagarria dela eta ekarpenek enpresaren emaitzetan benetako aldaketa nabariak ekar ditzaketela ohartaraztea da.  Arretaz behatu dugu egiten duguna, eta gure helburuak lortzeko berrikuntzaz baliatuz lan egin dugu.  Halaber, Repsol taldean egoteak dakartzan sinergietatik ahalik eta etekinik handiena ateratzeko aukera ere aztertu dugu.

TRC: Repsolek Petronorren egin duen 850 milioi euroko inbertsioa Euskadin inoiz egin den inbertsiorik handiena da. Zer dakar horrek Petronorrentzat eta zein izan da bere eragina?

A.P.:
Kantitate hori inbertitzeko erabakia zorionekoa izan zen.  Hori gabe Petronorrek ez luke une honetan etorkizunik izango.  Frantziako edo Italiako hainbat findegi bezala porrot egiteko zorian egongo litzateke.  Repsolek bi erabaki garrantzitsu hartu zituen: lehena, Cartagenako findegi berrian inbertitzea, eta bigarrena, Petronorren inbertitzea.

Ekoizpenaren ikuspuntutik, inbertsio horri esker, fuel-olioaren ekoizpena findegiaren osotasunaren ehuneko 22tik 12ra murriztea posible izan zen. Modu horretan, destilatu ertainen ekoizpena handitu ahal izan genuen lehengo ehuneko 39tik 45era. 

Era berean, koke-ren ekoizpena %10 igotzeko gai izan gara, petrolio gordin merkeagoak erabiliz.

Ekonomiaren ikuspuntutik, proiektuak martxan daramatzan hiru urteotan batez besteko 1.575 langile egon dira plantan – 2.500 izatera heldu dira lan asko egon den garaietan-.  Behin lanak hasi zirenean, lan-taldea 96rekin handitu genuen, 240 kontratista kontratatu genituen eta, zeharka, 1.300 pertsona gehiagori lana eman genien.

TRC: Zertan erabili zen Repsolen inbertsioa?

A.P.: Dirua, funtsean, kokizazio geroratuko unitate bat erosteko erabili zen. Horrek erabiltzen ari genituenak baino petrolio gordin astunagoak erabiltzen ditu, baina kalitate bereko produktu berdinak lortzen ditu. Proiektuak hainbat planta kimiko biltzen ditu: koker unitatea, gas kontzentrazio unitateak, koke errota eta bilketa unitateak, hidrodesulfurazio unitateak eta tximiniak; baina findegiari lotuta bigarren kogenerazio planta bat osatzen du.

Garai batean fuel-olioa ekoizteko soilik ona zen lehengaia, orain neurri batean, produktu arinagoak egiteko erabiltzen ari da, besteak beste, propano eta butano, nafta eta diesel erregaia.  Horrek esan nahi du fuel-olioaren ekoizpena ezabatu dezakegula, inbertsioak fuel-olioaren ekoizpena erdira murriztea ahalbidetu baitzuen, ehuneko 20tik 10era.  Bestalde, diesel erregaiaren eta kerosenoaren ekoizpena bost puntu hazi da ehuneko 45eraino. Orain, sufre gutxi duten fuel-en alde egiten dugu, balio erantsi handiagoa baitute.  Gure kogenerazio plantari esker, elektrizitateari dagokionez buruaski izan gaitezke.  Kogenerazioak beste sistema batzuk baino askoz eraginkortasun termiko hobea du.  Elektrizitateaz gain, lurruna ere sortzen dugu eta plantan energia gisa erabiltzen dugu.

TRC: Petronor modernizatzeko beste 39 milioi euro inbertituko direla esan duzu.  Zertan erabiliko da diru hori?

A.P.: 13 milioi euro CO2 igorpenak murriztera bideratuko dira. Hori Repsol eta Petronorrentzat proiektu garrantzitsua da. Gure kostuen ehuneko 70 fuel-aren kontsumotik dator, beraz horrek kostuak murrizteko gaiaren amaieraraino eramaten gaitu zuzenean. 1,1 milioi euro gutxi gorabehera ingurugiro gaietara bideratuko dira eta beste 4,2 milioi euro segurtasunera, biak baitira funtsezkoak gure negoziorako. Ondoren, 11,6 milioi euro inguru ekoizpen-egituretan egin beharreko aldaketak eta konponketak ordaintzera bideratuko dira, eta 9,1 milioi euro gutxi gorabehera lana hobetzera, prozesuaren eraginkortasuna areagotzeko.

TRC:  Nola definituko zenuke Petronorren garrantzia Euskadin?

A.P.: Petronor Euskadiko enpresetatik handienetako bat edo handiena da.  940 langile inguru daude hemen, eta janari, garbiketa, garraio, segurtasun, eta abarreko zerbitzuetan 1.000 azpikontratatu gehiago daude. Gainera zeharkako 5.000 lanpostu daude. Horrek guztiak Euskadiko aberastasunean eragin handia du. Bestalde, zergak ditugu: Petronorrek gutxi gorabehera 580 milioi euro ordaintzen ditu BEZan eta 260 milioi euro zerga berezietan. Biek batera 800 milioi euro inguru batzen dute, beraz, kantitate handia da.

TRC:  Zer garrantzia du Petronorrek Repsolentzat?

A.P.: Petronor oso garrantzitsua da Repsolentzat, garai latzetan egindako inbertsio handienak islatzen duen moduan. Repsolek Petronorren eta Euskadin konfiantza osoa du.

TRC:  Eskualdean dagoen katalan “atzerritar” gisa, nola baloratuko zenuke Euskadiren erakargarritasuna inbertsioei dagokienez?

A.P.: Bere enpresa-espiritua eta ausardia dira Euskadi bereizten dutenak.  Horiek dira nazioarteko inbertsioak erakartzeko behar diren ezaugarriak.  Euskaldunen ausardiaz asko esan daiteke; euren negozio-jarduerekin mundura ateratzera ausartu dira.

TRC: Lehenago Repsolen lortutako esperientzia zenbat balio izan zaizu Petronorren berriki lortu duzun erantzukizunean?

A.P.: 34 urte daramatzat negozioan eta horrek findegi baten egoera berehala baloratzeko ezagutza nahikoa ematen dizu.  Tarragonako findegian egon nintzen, Puertollanokoan, eta Latinoamerikako beste hainbat findegi ere ezagutzen ditut.  Hainbat motatako departamentutan lan egin dudanez, edozein langile gertutasunarekin eta ezagutzarekin tratatzeko gai naiz eta horrek jendeak hobe lan egin dezan ahalbidetzen du.  Era berean, langileek egiten dutena enpresa osoarentzat garrantzitsua dela senti dezaten laguntzen du.

TRC:  Nola ikusten duzu Petronorren etorkizuna?

A.P.: Enpresak etorkizun fidagarria eta oparoa izango duela ikusten dut.  Petronor Barria planaren menpe dauden proiektu berri asko garatzen ari gara, eta beste proiektu gehiago ere badaude hala nola, gure plana kudeaketa egitura hobetzeko, 40 urte indarrean egon dena.

Sindikatuekin elkarlanean, antolaketaren barruan sistema horizontalago bat ezartzen ari gara.  Sistema horrek langileen input-a biltzea ahalbidetuko du. Gainera, sistema piramidala ez bezala sistema berri hau pertsonalagoa denez, Petronorren historian inflexio-puntu bat markatuko du.  Horrek, CO2 igorpenak gutxitzeari eta eraginkortasunari esker lortuko ditugun kostuen murrizketekin batera, aurrerapenak egiten lagunduko digu, berriz irabaziak dituen enpresa bat izateko.

TRC:  Zer garrantzia dute Petronorrentzat eskualdearekin dituen harremanek?

A.P.: Guretzat eskualdearekin ditugun harremanek berebiziko garrantzia dute.  Erabat garrantzizkoa da guk ingurugiroarekiko ahalik eta begirunerik handiena agertzea eta horregatik tokiko herritarrei munduko estandarretara heltzeko ahal dugun guztia egiten ari garela jakinarazten saiatzen gara.  Eskualdearekin kontaktuan egon nahi dugu; elkarrekin lan egiten dugu gizarte erantzukizuneko ekimenen bitartez. Panel bat sortu dugu berriki, eskualdeko ordezkariekin biltzeko eta haiei dagozkien gaiak jorratzeko.  Auzokide onak izan nahi dugu. Hori da gure helburu eta erronka nagusietako bat, gure eskualdeak maite ez bagaitu ez dugulako inolako etorkizunik izango.

Elkarrizketa The Guardian-en, hemen.