Egun on.
“PETRONOR: un estudio histórico-sociológico de la influencia de la refinería en los municipios de su entorno” izeneko saiakera aurkeztuko dugu gaur hemen. Lan hau duela sei urte hasi zen, Petronor-en aholkulari eskuordetua zen Manu de la Sen-i esker, 2008. urtean.
Jon Leonardo soziologoak ikerketa eta bilketa lana egin du, Ángel Hormaechea eta Carlos Alvarado irakasleen laguntzarekin. Petronor-en findegia 1972. urtean martxan jarri zenetik Somorrostroko haranean izan diren aldaketa sozioekonomikoak biltzen ditu lanak. Petronor-ek babestutako azterlana da eta helburu bakarra eskualde honen historia laburbiltzea da, betiere garapen sozialaren eta ekoizpen-jardueraren arteko elkarreragina hari gidari moduan hartuta.
Gizartean izan diren aldaketak jasotzen dira, eta azpimarratu egiten da batez ere lehen sektorean jarduten zuten biztanleek izandako bilakaera, orain industria-gizartearen egitura ekonomikora aldatzean.
Petronor ere bada bilakaera historiko horren emaitza. Nerbioi Behereko eta Meatzaldeko garapen-poloetan kokatu ziren gainerako industrien moduan, Petronor-ek ere nahi zuen gizarteak bere produktuen gainean egiten zuen eskaria bete eta langile kalifikatuak eduki. Horretarako trebakuntza jakin bat eta industria-kultura zuten pertsonak behar zituen, eta meatzaldean aurkitu zituen bai kokaleku bai inguru sozial egokiak, bertan ehun urte baitzeramaten mineralak erauzten.
1972. urtean abian jarri zenetik findegiak bilakaera izan du, gizarte kontsumitzailearen eskariak betetzeko eta erregulatzaileek industriaren sektorerako ezarri duten ingurumen arloko legeria zorrotzena betetzeko –eta gainditzeko–. Gizartearen bilakaera eskualdearen garapen ekonomikoaren isla da, eta findegia ere bada bilakaera horren ondorio.
Lehenbizi eskerrak eman nahi dizkiet Jon Leonardo egileari, eta bere bi lankideei, Ángel Hormaechea historialariari eta Carlos Alvarado ekonomialariari, eskualdearen eta Petronor-en historiari egin dioten ekarpenagatik.
Mila esker inguruko gizon eta emakumeei, hau da: Manu de la Sen, Josi Arredondo, Marce Elorza, Kepa Fournier, Jesús Gurtubay, José María Gómez Ibarra, Gonzalo Riancho, Juanma Seco, Manu Tejada, Ángel Zuluaga, Carmelo Uriarte, Oihane Herrera, Angelines Diego eta Pilar Dorrio. Denek eman baitigute haien lekukotasun pertsonala eta, zalantzarik gabe, lanari balio erantsi ordainezina eman diotelako.
Lagun batzuen lekukotasuna nabarmendu behar dugu. Manurena, bere “borroka eta konpromisoagatik” eta Petronor-en historian lekuko pribilegiatua izateagatik. Jositorena, “herriak badaki Petronor ezinbestekoa dela” esateagatik. Marcerena, Superportua udalerrian eraikitzean “bedeinkazioa” eman zuelako, “lan-sentsibilitatea” eskatu zigulako eta “tren bera hartu dugu” eta “hemen lanpernak daude” esateagatik.
Jesús Gurtubayren aipu bat azpimarratu nahi dut, aurretik irakurri ez arren inguruarekin dugun harremana bultzatzeko inspirazio moduan erabili dugula ematen duelako: “Enpresak sarriago eman behar du aurrerapenen berri. Herriak ikusi behar du. Eta herritarrekin lotura ezarri behar da, haiekin komunikatzeko bideak ezarri, aldarrikapen bat egin behar denean norekin hitz egin behar den jakin dezaten”. Eztabaida ez da beti negatiboa, eta azaldu egiten du hori: “Herritarren plataforma bete beharreko araudia betetzeko pizgarria da Petronor-entzat. Herri-ikuskaria da”. Denok jakin behar dugu industriak, beste guztiak bezala, “kontraindikazioak dituela. Edozein botikak ditu. Baina egindako gauza baliagarriak erakutsi behar dira”.
Eta, jakina, eskerrak eman behar dizkiogu baita ere Deustuko Unibertsitateari, alde batetik, azterlanari behar zuen babesa eta erakunde horrek bereizgarri duen kalitatea eman dizkiolako eta, bestetik, internet bidez denen esku utzi dutelako.
Ziur etorkizuneko ikertzaileek lana kontsultatuko dutela, eta “azalpen hau irakurtzen” duten pertsonek Meatzaldea, bertako herritarrak eta ondorioz Petronor ezagutu nahiko dutela.
Eta guretzat “inspirazioa” izango da elkarren jardunak bateratzeko eta gure helburu nagusietako bat lortzeko, behin eta berriz errepikatuko dudana: auzokide onak izan gaitezen lortzea. Zuen laguntzarik gabe gure etorkizuna zaila izango da.
Bihotz-bihotzez, mila esker denoi.