• Geldialdia otsailaren 2an hasiko da eta martxoaren bigarren hamabostaldian amaituko da. Horri esker, teknikariek eta adituek ekoizpenerako instalazioak berrikusi ahal izango dituzte.
• Segurtasuna eta berrikuntza dira prozesu honen helburu nagusiak, Petronor-ek pertsonekin eta inguruarekin duen konpromisoa betetze aldera.
• Denboraldi horretan zehar Petronor-ek 1.200 langile hartuko ditu, 40 bat enpresetakoak. Geldialdian kontratatuko diren enpresen %60tik gora bertakoak dira, eta langile guztiei (Petronor-en behin baino gehiagotan lan egindakoak eta aldi baterakoak) emango zaie segurtasuneko prestakuntza berezia.
• Etenaldia amaitzen denean Petronor-ek EAEko motorra diren industria-instalazioak “estreinatuko” ditu; izan ere, instalazioetan zuzeneko 928 enplegu daude, 6000 baino gehiago zeharkakoak. Horrez gainera, Petronor da Euskadiko ekoizpen-balio osoaren %9.7.
Petronor-ek otsailaren 2tik, astelehenetik, martxoaren bigarren hamabostaldira arte egingo du Etenaldi Orokorra. 40 egunetan zehar Petronor-ek instalazioak berrikusi, garbitu eta berritu egingo ditu eta, horrela, lanok amaitzen direnean findegia estreinaldi berrirako prest egongo da.
Baina hau ez da findegian egiten den mota honetako prozesu bakarra, izan ere urteko etengabeko mantenu kostua 15 milioi eurokoa da, energia-eraginkortasunean, isurien murrizketan egindako hobekuntzez eta segurtasun zein ingurumenean burututako inbertsioez gainera.
Dena den, urtero gainerako guneetan gauzatzen diren geldialdiez gainera, bost urtean behin egiten da Konbertsioko Etenaldi hau. Etena egitean dorreak, ontziak, labeak, segurtasun-balbulak, makinak, tresneria, azpiestazio elektrikoak… berrikusiko dira, eta era berean instalazioak hobetzeko inbertsioak egingo dira.
Segurtasuna, ingurumena eta berrikuntza
Petronor-ek prozesu guztietan aplikatzen den industriako segurtasun-metodologia bat dauka. Pertsonek bermatzen dute segurtasuna, aldez aurretik prestatutako protokoloak aplikatuz; bai etenaldiko langileak bai ohikoak arlo horretan prestatu dira. Petronor-ek uste du segurtasuna garrantzitsuena dela, konpromiso hori hartu du.
Enpresa kontratista bakoitzak bere kontura ikuskatu behar ditu segurtasuna eta laneko osasuna, eta gero Petronor-eko segurtasun arloko arduradunek lan hori baliozkotu egiten dute.
Etenaldi honetarako enpresa espezialista bat kontratatu da; honek hornitu, berrikusi eta mantenduko du etenaldiko segurtasun-material guztia, baita arnasketa-ekipoak, segurtasun-sokak…
Ingurumenaren ikuspegitik, etenaldian zehar ez da atmosferara ezer igorriko ekipo termikoak (labeak eta galdarak) geldirik egongo direlako. Konponketa-lanek beste zarata batzuk sortzen dituzte: kamioiena, garabiena, metalurgia-lanetako makinena. Hau da, beste edozein tailerretan edo aurrefabrikatuen muntatze-jardueretan egongo litzatekeena.
Neurketa berriak egingo dira, ordezkatzen diren ekipoen zarata-maila jakiteko: ponpak, konpresoreak, eabc.
Berrikuntzari dagokionez, atmosferara lurrunak bota baino lehen garbiketak egingo dira behar duten ekipoetan. Harea-zurrusta hezea erabiliko da, lanak egiteko seguruagoa izateaz gainera zarata gutxiago egiten duelako eta hautsik botatzen ez duelako.
Ontzietara sartzeko ekipo elektroniko berrienak erabiliko dira; ekipo hauek zehaztuko diete lana egingo duten pertsonei nora sartu behar diren, zein jarduera egin behar duten eta arnastuko duten atmosferak zein ezaugarri dituena.
Repsol-en Zentro Teknologikoa etengabe dabil industriako teknika berriak garatzen, eta gero industri konplexuek aplikatu egiten dituzte. Gainera, kasu honetan Tecnalia-rekin batera lan egingo dugu gune konfinatuak kontrolatzeko ereduzko sistema bat egiteko.
Inbertsioak eta enplegua
Etenaldi Orokorrean zehar Petronor-ek inbertsio garrantzitsuak egingo ditu. Horien artean ondokoak azpimarratu behar dira:
• Instalazioen energia-eraginkortasuna hobetuko da. Adibidez, tximinietako kea hozteko inbertsio batzuk egingo dira, energia aurrezteko xedez.
• Ekipoen fidagarritasuna hobetuko da. Bero-trukagailu batzuk eta biltegi batzuk ordezkatu egingo dira, eta horien ordez material iraunkorragoak dituztenak jarri.
• Teknologiaren eguneratzea. Adibidez, kontrolari lotutako elektronikaren zati bat ordezkatu egingo da, edo goi teknologiako itxigailu mekaniko batzuk jarriko dira.
• Gasolinaren eta H2-aren ekoizpena areagotuko da; azken hau beste produktu batzuen balioa handitzeko prozesuetan erabiltzen da.
• Mantentzea hobetuko da. Ekipoen barrualdean sartzeko sarrerak jarriko dira, hobeto ikuskatzeko eta elementu ahulenak errazago aldatzeko. Horrela, etenaldira arte ez dute akatsik izango.
Petronor-ek bertako enpresen trakzio-plan bat du, inguruko enplegua eta jarduera ekonomikoa garatzeko asmoz. Enpresa horiekin egiten ditu garapenak, ikerketak, teknika berrietako inbertsioak… Azken batean, ez die bakarrik etenaldiko lanak ematen; aitzitik, erreferentzia bat eta lehiarekiko abantaila ematen die Repsol taldeko edo besteren bateko findegietan lanak eskain ditzaten. Produktu bereiziak eskain ditzakete.
Enpleguari eta jarduera ekonomikoaren sorrerari dagokienez, Petronor-ek 40 bat enpresa kontratatuko ditu Etenaldi Orokorrean zehar lan jakin batzuk egin ditzaten. Enpresa horien %60tik gora bertakoak dira; hots, inguruko 600 pertsonak baino gehiagok egingo dute prozesu honetan zehar lan.
Testuinguru horretan zera azpimarratu behar da: Petronor eta inguruko udalak benetan ari dira udalerriko bizilagunentzat zirkulazioaren eragina txikiagoa izan dadin lortzen. Garraio publikoa bultzatzen ari dira, baita langileek inguruan ostatua hartzea, eta berariaz lan hauetarako aparkaleku bereziak egiten ari dira.
Petronor-i buruz
Petronor-ek 11.000.000 t-ko ekoizpen-potentziala dauka urtean. Espainiako findegi handiena da eta ekoizpenaren herena baino zerbait gehiago esportatzen du. 928 langile ditu plantillan eta 6.200 pertsonarentzako lanpostuak sortzen ditu. Petronor-ek sortutako trafiko-fluxua Bilboko Portuko mugimenduaren %40 baino gehiago da. Azken bost urteetan 1.006 milioi euroko inbertsioak egin ditu.
Bideoa, hemen.
Bideoa Youtuben, hemen.