ABANTO-ZIERBENAKO, MUSKIZKO ETA ZIERBENAKO AGIENTARIEK PETRONOR BISITATU DUTE

Petronorrek inguruko 600 pertsona baino gehiago kontratatu ditu geldialdian lan egiteko.

• Kanpoko enpresa espezializatuengana ere jo du, eta horrek eragin nabarmena izan du inguruko ostatu eta jatetxeetan.

Petronorrek eta udalek arrakastaz leundu dute geldialdiak zirkulazioan izandako eragina: garraio publikoaren sustapena, hurbileko ostatuak, aparkalekuen sorrera…

• Geldialdian ez dago atmosferarako isuririk, eta ekipamendu termikoak (labeak eta galdarak) gelditu egiten dira.

Borja Liaño Muskizko alkatea, Elena Setien Abanto-Zierbenako Ingurumen zinegotzia eta Marcelino Elorza Zierbenako alkatea, gaur goizean Petronorreko instalazioetan izan dira, findegiko instalazioetako Bihurketa arloko geldialdian egiten ari diren lanak bertatik bertara ikusten.

Bisitan zehar Borja Liañok hurrengoa aipatu du: “Etenaldiak  eragin ekonomiko handia izan du herrian, ostalaritza negozioetan etab. Gainera, Petronorrek bere instalazioetan egiten dituen inbertsio guztiek arriskuak murrizten dituzte eta segurtasun zein ingurumen gaietan kontrol handiagoa izatea ahalbidetzen dute, hori da herri mailan gehien arduratzen gaituena. Bisita honetan, Petronorren, segurtasuna kontrolatzeko sistema zorrotza ezarrita dagoela ere konprobatu dugu”.

Elena Setienek haientzat bisitaldia “erantzukizun eta gardentasun ariketa” dela esan du, baita hurrengoa gaineratu ere: “komunikazio kanala gara, esaten digutena herritarrei igorri behar diegu eta horretarako hoberena etenaldia bertan ikustea da. Gainera guretzat garrantzitsuena da, instalazioak gero eta segurtasun gehiago izateko xedez,  Petronorrek segurtasunean egindako inbertsioak. Hori da azpimarratzen duguna, lan zein ekonomi arloan daukan eraginaz gainera”. 

Ildo beretik Marce Elorzak etenaldiaren alderdi teorikoa zein praktikoa ezagutzeko aukera hau “oso ondo” iruditzen zaiola azaldu du, “askotan informazio ezak kontzeptu okerrak izatea edo txarto pentsatzeak ekartzen baitu, baina orain, ikusi ondoren, herritarrak hobeto informatu ditzakegu. Auzokideen bozeramaileak gara, horregatik informaturik egotea garrantzitsua da guretzat, herritarrentzat eta Petronorrentzat”.

Sei bat asteko lanen ostean, Petronorrek laster zabalduko du berriro lantegia, bertako instalazioak aztertu eta berritu ondoren. Enpresan ohikoak ez diren 1.200dik gora langilek dorre, ontzi, labe, segurtasun-balbula, makina, instrumentu, azpiestazio elektriko eta abarrekoak berrikusi dituzte. Hori guztia, bermatu ahal izateko lantegia abangoardian egongo dela, ez bakarrik ikuspuntu teknikotik, baita segurtasunaren eta ingurumenaren aldetik ere.

Eragina inguruan

Inguruko agintariek interes berezia agertu dute geldialdiak euren udalerrietan eta eskualdean izango duen eraginari buruz. Hain zuzen ere Petronorrek 40 bat enpresa kontratatu ditu geldialdian hainbat lan egiteko. Horietatik %60 baino gehiago tokiko enpresak izan dira eta, ondorioz, inguruko 600 pertsona baino gehiago aritu dira lanean prozesuan zehar.

Findegietako berariazko lanetan espezializatuta dauden enpresengana ere jo du Petronorrek. Estatu Espainiarreko, Europako eta are Estatu Batuetako enpresak etorri dira. Langile horiek ere eragin nabarmena izan dute inguruko ostatu eta jatetxeetan.

Pertsona horien guztien joan-etorriak direla-eta, Petronorrek eta udalek batera lan egin dute udalerri mugakideetako zirkulazioaren gaineko eragina murrizte aldera. Horretarako, garraio publikoaren eta inguruko ostatuen erabilera eta beren-beregiko aparkalekuen sorrera sustatu dituzten neurriak jarri dituzte abian. Petronorrekoek alkateen bisita baliatu dute elkarrekin egin duten ahalegina eskertzeko.

Segurtasuna, ingurumena eta berrikuntza

Petronorrekoek alkateei gaur goizean azaldu dietenez, lantegian segurtasuna lehenesten da. Segurtasun industrialeko metodologia bat darabilte, prozesu guztiei aplikatzen zaiena. Pertsonek bermatzen dute segurtasuna, prestatu diren eta irakatsi zaizkien protokoloak aplikatzen baitituzte bai geldialdiko langileek bai enpresakoek. Segurtasuna Petronorrentzat lehentasuna eta konpromisoa da.

Enpresa kontratista bakoitzak laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko bere gainbegiratzea eduki behar du, eta Petronorreko segurtasun arloko arduradunek ontzat eman behar diote. Geldialdi honetan enpresa espezialista bat kontratatu da, geldialdiko segurtasun material guztiak ekarri, berrikusi eta mantendu dituena: arnasketa ekipoak, bizi lerroak…

Ingurumena ere enpresaren egunerokoa markatzen duten gakoetarikoa da. Geldialdian ez dago atmosferarako isuririk, eta ekipamendu termikoak (labeak eta galdarak) gelditu egiten dira. Konponketa lanek beste mota bateko zarata egiten dute: kamioiak, garabiak eta metalurgia lanetako ohiko makinak erabiltzen dira. Aurrefabrikatuak muntatzeko edozein lantegi edo jardueratan bezalaxe. Halaber, zarataren neurketa berriak egiten dira aldatzen diren ekipamenduetan, esate baterako ponpa, konpresore eta abarrekoetan.

Berrikuntzari dagokionez, lurrina aireratu aurreko garbiketak ezarri dira hala behar izan duten ekipamenduetan. Hondar-zurrusta hezearen sistema erabili da; segurtasun handiagoa eskaintzen du lanak egiterakoan, zarata gutxiago ateratzen du eta ez du hautsik aireratzen.

Ontzi barruetarako sarbidea azken belaunaldiko tresna elektronikoekin kontrolatuko da. Lanak egiten dituzten pertsonak non dauden eta zertan ari diren adierazten dute, eta nolako airea arnasten ari diren.

Repsoleko Zentro Teknologikoa etenik gabe ari da teknika industrial berriak garatzen, eta industriaguneek aplikatu egiten dituzte. Gainera, kasu honetan Tecnaliarekin batera lan egin dute gune konfinatuak kontrolatzeko sistema pilotu batean.

Petronor

Petronorrek, urtean 11.000.000 tonako produkzio ahalmena duela, Espainiako findegirik handiena da, eta bere produkzioaren heren bat pasatxo esportatzen du. Plantillan 928 langile ditu, eta beste 6.200 pertsonarentzako enplegua sortzen du zehar bidez. Petronorrek eragiten duen trafikoak Bilboko portuko mugimenduaren %40 baino gehiago egiten du. Azken bost urteotan 1.006 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu.

Tele 7-ren bideoa, hemen.