Gaur Petronorrek diplomak banatu dizkie kimika instalazioko operadoreentzako azken ikastaroa egin duten 24 ikasleei. Bihar bertan egingo zaie kontratua eta findegiko lanpostuetan hasiko dira. Ongi etorri bihotz-bihotzez.
Petronorreko Kimika Instalazioko Operadoreentzako XV. Ikastaroa amaitu dute 24 ikasle horiek. Lanbidek finantzaturik eta Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin elkarlanean, bederatzi hilabetez prestakuntza teorikoa eman zaie eta praktikak egin dituzte Petronorren. Denak (20 gizon eta 4 emakume) petrolio-findegian lan egiteko kontratatuko dituzte bihar, martxoak 7. Azpimarratzekoa da operadore berri horietatik %62 direla inguruko udalerrietakoak (Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbena).
Plantillan sartzeko behar bezala gaitutako pertsonak prest edukitzea izan da ikastaroaren helburu nagusia, inbertsio estrategiko berriak martxan jarri direlako, produkzio lerro berriak garatu direlako eta erretiroak direla-eta hainbat lanpostu bete behar direlako.
Petronorreko zuzendaritzak badaki pertsonengan dagoela petrolio-findegiaren lehiakortasunerako gakoa, eta, horren erakusgarri, mota honetako ikastaroak antolatzen ditu Petronorreko instalazio guztiz sofistikatuak erabiltzeko gai izango diren pertsonak trebatzeko, gainera enpresaren segurtasuna eta ingurumenarekin zerikusia duten alderdi guztiak bermatu beharko dituztenak.
Curriculumaren esparruan, praktikaren eta ikasgelako lanaren arteko oreka izan da azken ikastaro honen berritasun nagusia, landa operadorearen funtsezko portaerak indartu nahi izan dira eta. Profesionalik onenak lortu nahi izan dira, prestakuntza teknikoa zein enpresaren balioei buruzko prestakuntza emanez.
Eskertzekoa da Somorrostro Prestakuntza Zentroak eman duen laguntza, hango ikasgeletan prestakuntza jaso eta gero Petronorreko plantillan sartzen diren ikasleak trebatzeko, eta pentsatzekoa da lankidetza horrek balioa sortzen jarraituko duela bai enpresarentzat bai zentroarentzat.
Honezkero Petronor badabil operadore ikastaroaren XVI. edizioa prestatzen. Oraingo taldea kontuan hartuta, jada 342 ikasle kontratatu dira. Ekintza horri eta erakundearen baitako beste batzuei esker, plantillako langileen batez besteko adina jaistea lortu da: 2000n 47,7 urte eta 2014an 42 urte.
Guztira 433 hautagai aurkeztu ziren edizio honetarako. Azkenik 130 pertsonak egin zituzten probak eta 24k jaso dute amaierako diploma; horietatik 15 inguruko udalerrietakoak dira.
Proiektu hau egiteko ezinbestekoak izan dira barneko 50 tutoreen ardura eta lan ona, haien esperientzia azaldu eta konpromisoari eta erantzukizunari lotutako balioak helarazi baitizkiote ikasleei. Eskerrik asko denei lortutako emaitza bikainengatik!
Argazkiak, hemen.
Bideoa, hemen.
Bideoa Youtuben, hemen.