Oskar Tabuenka: “finalean izatea eta bizitzea jadanik saria da”

“Finalean izatea eta bizitzea jadanik saria da” esan zuen Oskar Tabuenka Athleticen jokalari ohiak, Juan Carlos Abascal eta Javier Beltran kazetariekin batera, atzo, Muskizen, Kopako finalaren inguruan emandako hitzaldian.

Finalean Athleticen aurkakoa denari, Barçari buruz, mintzatzen hasi ziren eta Takuenkak hurrengoa azaldu zuen: “izan daitekeen finalik onenetarikoa da, aurkako gogorra da eta Athleticek zail dauka, baina finalak inguratzen duen guztia, sentimenduak, eta Barçaren aurka jokatzea berezia da”. Partidua Bartzelonan izango da, Camp Nouen, eta Tabuenka eta Abascal ados izan ziren edalontzia erdi beterik ikusi behar dugula, “Barçaren jokalariei aldagela tuneletik irtetea eta bere zelaian 50.000 gorrizuri ikustea pentsarazi egin behar die”.

Imanol Reino kazetariak moderatutako mintzaldian zehar lehoiek titulua eskuratzeko dituzten aukerez ere eztabaidatu zen, hiru hizlarien iritziz aukera gutxi. “Irabazteko Athleticek partidu bikaina egin behar du eta Barçak txarto ibili” aipatu zuen Beltranek.  Juan Carlos Abascalek ere “aukera gutxi” ikusten dituela esan zuen, baita hurrengoa gaineratu ere: “hala ere finalean gaude, talde lehiakorrak gara eta ezin dugu galdutzat eman”. Ildo beretik Tabuenkak “finalean izatea eta bizitzea” jadanik saria dela azpimarratu zuen.

Gabarraz, zaleen inplikazioaz eta Athletic Hiriaz berba egin ostean, Iraola eta Xavi Hernandezen agurrei buruz ere hitz egin zen. Athletic eta Barçarentzat oso jokalari garrantzitsuak izan dira baina, beren denbora talde hauetan bukatu dela erabaki eta gero, joan egingo dira bere ibilbidea beste leku batzuetan amaitzeko.

ByP Eventos Deportivosek antolatutako eta Petronorren babesaz egindako hitzaldiaren ondoren, Kopako finala Camp Nou-en ikusteko sarrera zozkatu zen bertaratutako guztien artean.

Argazkiak, hemen.