Gonzalez Zorrillak erretiroa hartuko du 31 urtez Petronorren lanean aritu eta gero

Angel Ignacio Gonzalez Zorrillak erretiroa hartuko du 31 urtez Petronorren etengabe lanean aritu eta gero. Guztira 43 urteko lan bizitza, inoiz bajarik hartu gabe, ez gaixo egoteagatik, ez istripu bategatik. Bere ustez, “genetikak ere eragina dauka, baita norbere burua zaintzen jakiteak, jarrerak eta profesionaltasunak ere”.

Angel Muskizen jaio zen 1954an, eta 17 urte besterik ez zituenean delineatzaile gisa hasi zen lanean Babcock & Wilcox enpresan. Han 12 urte eman zituen. Ondoren Petronorrera jo zuen, eta bertan 31 urte eman ditu Instalazioko Operadore gisa.

Ez du inoiz baja hartzeko premiarik sentitu, ez enpresa batean, eta ez bestean. Gaur egun belaunaldi gazteak ahulagoak ote diren galdetuta, berehala erantzun du: “Gaur egun ere badago jende gogor eta langilea; haiengan sinetsi behar dugu”.

43 urteko bizitza profesional horretako unerik txarrena zein izan den galdetu diogu. “Ez dut gogoan lanean une txarrik bizi izan dudanik. Dena da errazagoa eta hobea planifikatu eta aurreikusiz, eta profesionala izanez gero”. Eta unerik onenari buruz  hurrengoa dio: “Une on asko izan ditut, eta hemendik aurrera ere izango ditut.  Garrantzitsuena profesionaltasunez lan egitea da. Baina bukatzen denean, beste bizitza bat sortzen da”.

Agur, Angel. Egiten dakien pertsona eredugarri bikaina da, nola jokatu, kolaboratu eta konprometitu dakien adibide ezin hobea.  Bizitza ziklo berri honetan zorte onena opa dizute zure lankide guztiek.