Petronor-Muskizko Udalaren arteko hitzarmena. Gizarte-baratzeak sortzeko lursailaren lagapena

Pedro Serrano, Borja Liaño eta Jose Ignacio Zudaire hitzarmena sinatzen.
Muskizen, 2015eko uztailaren 8an.

BILDU DIRENAK

Alde batetik BORJA LIAÑO ABARRATEGI JAUNA Muskizko Udaleko alkate-udalburu modura.

Bestetik JOSE IGNACIO ZUDAIRE ARANA JAUNA egoitza San Martín kaleko 5.ean (48550 Muskiz) duen Petróleos del Norte, S.A.ren (PETRONOR) izenean, Pertsonen, Antolaketaren eta Erakunde Harremanen zuzendari modura, Bilboko Jose Ignacio Uranga Otaegui notarioak 2013ko uztailaren 26an bere Protokoloaren 1.527 zenbakipean emandako botereari esker.

Bi alderdiek, haien ordezkarien bitartez, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko legezko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri eta ondorio egokiak izan ditzan, honakoa

ADIERAZI DUTE

I.- Petróleos del Norte (hemendik aurrera PETRONOR) katastroan 071 001 255 erreferentziazko zenbakia duen (1 industrialdea, 255 lursaila) landa-lur baten jabea da. 1.512 m²-ko azalera du eta laborantzarako da, hitzarmen honi 1. Dokumentua modura gehitu zaion katastro-txostenean dioenaren arabera.

II.- PETRONORek lursail horren zati baten erabilera doan laga nahi dio Muskizko Udalari, udalerriko bizilagunek aisialdirako baratze modura erabil dezaten, hitzarmen honetan araututakoaren arabera eman behar zaion erabilera errespetatuz. Baratze ludikoak erabiltzeko araubidea gehitu da 1. eranskin modura.

ESTIPULAZIOAK

LEHENA.- Xedea

Hitzarmen honen xedea litzateke PETRONORen jabetzakoa den eta katastroan 071 001 255 zenbakidun erreferentzia duen lursailaren zati baten erabilera doan lagatzea (lehenengo puntuan adierazi bezala) Muskizko Udalari, udalerriko bizilagunek aisialdirako baratze modura erabil dezaten.

Zehazki, hitzarmen honen bitartez doan lagatzen den lursailaren zatia 2.dokumentuan mugarriztatuta dago. Hitzarmen honi gehitu zaio dokumentu hori eta lursailaren ipar-ekialdeko zatiari egiten dio erreferentzia.

BIGARRENA.- Alderdiek bere gain hartu dituzten konpromisoak

I.- PETRONORek erabiltzeko lagatako lursaila udalerriko bizilagunek aisialdirako baratze modura erabiltzera bideratzeko konpromisoa hartu du Muskizko Udalak. Horretarako, PETRONORek baimena eman dio Muskizko Udalari adierazitako lursailaren erabilera hirugarren batzuei lagatzeko, betiere lagapen hori hitzarmen honetan araututako baldintzetan egiten bada. Zentzu horretan, hala eskatzen duten bizilagunek baratzeak erabili ahal izateko bete beharreko baldintzak eta erabilera horri aplika dakiokeen araubidea baratzeen erabilera arautzen duten ordenantzetan daude araututa, Muskizko Udalak legez aurreikusitako moduan onetsiak izan direnak. Petronorren oniritzia ere izan beharko dute.

Era berean, laga nahi diren lursail horiek zaintzeko eta erabiltzeko baldintza egokietan mantentzeko konpromisoa hartu du Muskizko Udalak eta erabiltzen direla bermatuko du, aisialdirako baratze modura erabiltzeko egokiak izan daitezen.

II.- PETRONORek lursail horiek doan laga diren helbururako modu baketsuan erabiltzen direla bermatzeko konpromisoa hartu du eta hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean ezingo du ezer egin lagatako lursailean, ezta lursail horiek modu eraginkorrean erabiltzen uzten ez duen jarduketarik burutu ere.

Lagapen horren publizitatea egiteko, PETRONORek bere logoa erabili ahalko du Muskizko Udalarenarekin batera, Petronorrek diseinatuko duen kartel batean. Muskizko Udalaren ardura izango da kartel hori egitea, kontserbatzea eta jartzea eta laga nahi den lursailerako sarbidean kokatuko da, Petronorrek idatziz ados dagoela adierazi ondoren.

HIRUGARRENA.- Iraupena

Hitzarmen honen indarraldia bost urtekoa izango da, sinatzen denetik kontatzen hasita. Egun horretatik aurrera indarraldia urtetik urtera luzatuko da isilbidez, gehienez hamar urterako, luzapenak barne hartuta, alderdietako batek hasierako indarraldia edo luzapenena bukatu baino gutxienez bi hilabete arinago kontrakoa eskatzen ez badu.

LAUGARRENA.- Suntsiarazteko arrazoiak

Arestian aipatutako estipulazioetako bat betetzen ez bada, hitzarmena suntsiaraziko da. Alderdietako batek hirugarren estipulazioan adierazitako epearen barruan hitzarmenari uko egiten badio ere hitzarmena suntsiaraziko da.

BOSGARRENA.- Jurisdikzioa eta lehiakortasuna

Hitzarmen hau administratiboa da. Hitzarmena interpretatzeko, aldatzeko, ebazteko eta izan ditzakeen ondorioetarako sor daitezkeen gaiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio.

Eta ados daudela frogatzeko, bi alderdiek hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte ondore bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Muskizko Udala                                  Petróleos del Norte, S.A.

_______________________________         ____________________________

Borja Liaño Abarrategi jauna         Jose Ignacio Zudaire Arana jauna

Adierazitakoari jarraiki, bi alderdiek ekitaldi honetan esku hartzeko gaitasun eta eskumen nahikoa aitortu diote elkarri eta lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, ondorengoei jarraiki:

 

I. ERANSKINA. AISIALDIRAKO BARATZEAK ERABILTZEKO ARAUBIDEA

Lehenengoa.- Xedea

Araubide honen xedea litzateke hitzarmen honetako I. puntuan adierazitako lursailetan kokatutako aisialdirako baratzeak erabiltzeko baldintzak eta irizpideak ezartzea eta baratze horien erabilera hirugarren batzuei lagatzeko prozedura arautzea.

Zentzu horretan, laga nahi diren lursailak egokituko dira esleitu aurretik, aisialdirako baratze modura erabiltzeko baldintza egokietan egon daitezen. Udalak ureztatzeko sistema egokitzeko eta ur horretara eta baratzeak modu eraginkorrean erabiltzeko beharrezkoak diren gainerako zerbitzuetara sarbidea ezartzeko konpromisoa hartu du.

Bigarrena.- Hartzaileak

Adinez nagusia eta Muskizko bizilaguna den pertsona fisiko orok, udal erroldan izena emanda hiru urte edo gehiago badaramatza, hitzarmen honetan adierazitako aisialdirako baratzeak erabiltzeko eskubidea izango du.

Elkarbizitza-unitate eta etxebizitza bakoitzeko baratze bakarra eman ahalko da, banatzen duten pertsonen arteko ahaidetasun-harremana edozein delarik ere.

Era berean, Muskizkoak diren eta gizarte arloan jarduerak burutzen dituzten irabaz asmorik gabeko elkarteek erabilera kolektiborako lursailak eskatu ahalko dituzte.

Hala ere, eskatzaileak eskaera egiten duen datan bere jabetzako lurrak baditu edo helburu berdinerako alokatuta baditu, ez du aisialdirako baratzeak erabiltzeko eskubiderik izango. Aurretik lursail bat txarto erabili izanaren ondorioz erabiltzea debekatu zaien pertsonek ere ezingo dituzte baratzeak erabili.

Zentzu horretan, eskatzaileak udalerrian baratze modura erabiltzen den lursailik ez duela dioen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du eskaerarekin batera. Hori egiten ez badu, lagapena ebatziko da.

Hirugarrena.- Epea

Hasiera batean aisialdirako baratzeak erabiltzeko lagapenaren indarraldia urtebetekoa izango da eta epe hori isilbidez luzatu ahalko da urtez urte, lagapenaren tituludunak uko egiten ez badu edo Udalak interes orokorreko arrazoien ondorioz edo lagapena baliogabetzearen ondorioz lagapena ez luzatzea erabakitzen ez badu.

Laugarrena.- Erabiltzeko lagapenak esleitzeko prozedura

1.- Udalaren web orriaren bitartez (edo dena delakoaren bitartez) deialdia egin ondoren eta bertan adierazitako epean, interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, lagapenaren tituludunak izateko baldintzak betetzen dituztela erakusten duten dokumentuekin batera. Eskaera aurkezteak araubide hau baldintzarik gabe onartzen duela esan nahi du.

2.- Eskatzaileak baratzeak baino gehiago badira, deialdian ezarritako egunean zozketa egingo da lagapenaren tituludunak nortzuk izango diren zehazteko eta baratzearen kokapenaren ordena zehazteko.

3.- Era berean, arrazoia edozein delarik ere lursailen bat erabiltzailerik gabe geratzen bada, esleitzeko deialdi berria egingo da, aurreko ataletan adierazitako baldintza berberetan.

Bosgarrena.- Erabilera lagatzeko araubidea

Baratzeen erabileraren lagapena prekarioan emango da. Ondorioz, Udalak erabileraren lagapen hori baliogabetzea erabaki ahalko du edozein momentutan. Horretarako, lagatako lursailean garatutako erabilera eta jarduerak eten beharko ditu erabiltzaileak, Udalak hala eskatuta. Ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango, ezta konpentsazio ekonomikoren bat jasotzeko eskubiderik ere.

Lagapenaren epea bukatzen denean edo aldez aurretik ebazten bada, erabiltzaileak lagatako baratzea itzuli beharko dio Udalari, erabiltzeko baldintza egokietan. Guztiz hustu beharko du eta Udalaren eskuetan utzi beharko du.

Lursailen erabilera ezingo da inola ere hirugarren batzuei eskualdatu edo laga, lursailak osorik edo zati bat okupatzeko zein erabiltzeko, ezta behin-behinerako bada ere. Hori betetzen ez bada, lagapena automatikoki suntsiaraziko da eta lagapen-hartzaileak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Horrez gain, zehapen-espedientea hasi ahalko zaio.

Seigarrena.- Lursailen erabilerarako eta laborantzarako arauak

  • Baratzeak barazkiak, landareak eta frutak lantzeko bakarrik erabili ahalko dira eta guztiz debekatuta egongo da nekazaritzaren arloko edo bestelako beste edozein jarduketa, esate baterako produktuen salmenta eta edozein motatako biltegiratzea. Hori betetzen ez bada, lagapena suntsiaraziko da automatikoki.
  • Ezingo da lursailen jatorrizko trazatua inoiz aldatu, arrazoia edozein delarik ere. Ezingo dira lursailak landaresi, hesi, harrizko murru, adreilu, bloke edo eraikuntzako edozein elementurekin itxi.
  • Udalak ez du inongo erantzukizunik izango erabiltzaileek jardunaren ondorioz jasan edo eragin ditzaketen kalteengatik, ezta hirugarren batzuei eragin ahal zaizkien kalteengatik ere.
  • Udalak ez du inongo ardurarik izango baratzeei edo horiek lantzen dituzten pertsonei eragin diezaieketen ebasketak, lapurretak edo beste edozein gertaera kaltegarri suertatuz gero, ezta fenomeno meteorologikoek lursailetan kalteak eraginez gero ere.

Zazpigarrena.- Lagapen-hartzailearen betebeharrak

Lagapenaren tituludunek ondorengo betebehar orokorrak izango dituzte:

  • Laga zaien lursaila aisialdirako baratze modura bakarrik erabili ahalko dute, Udalak ezarritako baldintzetan.
  • Lagapen-hartzaileak baratzetik eratorritako gastu guztiak ordaindu beharko ditu: mantenimendua, ureztatzea, etab. Udala ez da gastuez arduratuko lagapena indarrean dagoen bitartean.
  • Okupatutako espazioa eta instalazioak segurtasun, osasungarritasun eta kaleko egokitasun baldintza egokietan mantendu beharko dira.
  • Erabiltzeko baimendutako epea amaitzen denean obrak eta instalazioak Udalari itzuli beharko zaizkio eta horretarako ezarritako epearen barruan, erabilitako objektuak libre eta hutsik utzi beharko dira, Administrazio honen eskura.
  • Debekatuta egongo da instalazio guztien baitan (baratzeak, zerbitzu guneak, etab.) ibilgailuak aparkatzea, horietatik kanpo ibilgailuak aparkatzera bideratutako espazioan izan ezik.
  • Ezingo da inoiz lursailean animaliarik erabili edo eduki eta debekatuta egongo da baratzeetan edozein animalia hazi edo ustiatzea.
  • Beren-beregi debekatuta egongo da baratzeetan etxolak eraikitzea, Udalak horretarako baimena ematen ez badu behintzat.
  • Ezingo da paisaia edo oraingo instalazioak hondatzen dituen elementurik jarri, esate baterako bidoiak, biltegi osagarriak, txapak eta banatzaileak edo antzekoak, Udalak horretarako baimena ematen ez badu behintzat.
  • Udalak baratzeetarako ezarritako mugak eta baldintzak errespetatu beharko dira uneoro.

Instalazio komunen inguruko betebeharrak:

  • Erabiltzaileak elkarte edo antzeko zerbait modura eratu beharko dira eta Udalarekin bitartekari-lanak egiteaz arduratuko den pertsona bat egon beharko da.
  • Erabiltzaileak instalazio komunak erabilgarritasun, apaingarritasun eta segurtasun baldintza egokietan mantentzeaz arduratu beharko dira modu solidarioan.
  • Eremu bakoitzean dauden instalazio komunen inbentario bat egin beharko da. Udalak egokitzat jotzen badu, instalazio horien egoera berrikusiko da urtero eta eremuko erabiltzaileei egon daitezkeen kalteak edo akatsak konpondu eta egokitzeko eskatuko zaie.

Nekazaritzako eta ekologiako jardunaren arloko betebeharrak:

  • Ureztatzeari eta uraren kontsumoari dagokienez, erabiltzaileek ura erantzukizunez erabili beharko dute uneoro eta Udalak haien esku jarritako ureztatze-sarea erabili ahalko dute.
  • Baratzeak barazkiak, landareak eta frutak lantzeko bakarrik erabili ahalko da eta guztiz debekatuta egongo da nekazaritzaren arloko edo bestelako beste edozein jarduketa, esate baterako produktuen salmenta, edozein motatako biltegiratzea eta fabrikako obren eraikuntza. Hori betetzen ez bada, lagapena suntsiaraziko da automatikoki.
  • Ezingo dira lurra, lurzorua edo lur azpia hondatzen duten landare-espezieak landatu.
  • Era berean, debekatuta egongo da espezie exotikoak edo inbaditzaileak landatzea, baita legeak baimentzen ez dituen laborantza- eta ereite-lanak gauzatzea ere (landare psikotropikoak landatzea, etab.).

Zortzigarrena.- Lagapena azkentzeko arrazoiak

Lagapen-hartzaileak hala izateari utziko dio automatikoki, ondorengoetako bat gertatzen bada:

  • Bere borondatez uko egitea edo bajan ematea, Udalaren aurrean aurkeztutako idatziaren bitartez.
  • Beste udalerri batean erroldatzea.
  • Hiru hilabetez jarraian lursailean laborantza-lanik ez egitea.
  • Jarduera uztea, urtebetean 6 hilabeteko bi epez egin denean.
  • Lursailaren erabilera lagatzeko baldintzak bat-batean desagertzea.
  • Araubide honetan debekatuta dauden espezieak lantzea.
  • Baratzea araubide honetan adierazitakoak ez diren helburuetarako erabiltzea.
  • Bizikidetzarako oinarrizko arauenganako errespetu falta, elkartasunik ezeko jarrera, uraren ezin azalduzko kontsumoa edo toxikoak diren edo izan daitezkeen produktuen erabilera, araudiak debekatutako dosietan.
  • Baratzea lantzetik lortutako produktuak salmentan jartzea.
  • Lagapen-hartzailearen heriotza, gaixotasun kronikoa edo baratzean aritzeko ezintasuna.

Kasu horietan, izendatutako oinordekoek edo ahaideek baratzeko produktuak eta instalazioetan egon daitezkeen lagapen-hartzailearen objektu pertsonalak batzeko baimena izango dute.

  • Lagapen-hartzaileek ordaindu beharreko gastuak ez ordaintzea: ureztatzea, mantenimendua, etab.

Lagapen-hartzaileak kausa edozein izanik ere hala izateari uzten badio, ez du kalte-ordaina edo edonolako konpentsazioa jasotzeko eskubiderik izango.

Albistea, hemen.

Argazkiak, hemen.

Bideoa, hemen.