EUSKO JAURLARITZAREN ETA PETRONOR-REPSOL-EN ARTEAN SINATUTAKO LANKIDETZA HITZARMENA

Arantxa Tapia eta Emiliano Lopez Atxurra hitzarmena sinatzen.
Muskizen, 2015 (e)ko irailaren 3an

ALDEAK

I. Alde batetik, EUSKO JAURLARITZA. Haren ordezkari dihardu Arantza Tapia andreak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak.

ETA

II. Beste alde batetik, PETROLEOS DEL NORTE SA (aurrerantzean, PETRONOR), egoitza soziala Muñatones eraikinean San Martin 5, 48550 Muskiz duena, Bizkaiko Merkataritza Erregistroan inskribatuta dagoena. Haren ordezkari dihardu Emiliano Lopez Atxurra jaunak, presidentea den aldetik, bere alde 20154ko uztailaren 29an, Bilboko Manuel López Pardiñas notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2206) emandako ahala baliatuz.

HAUXE ADIERAZI DUTE:

I. Hitzarmen hau (aurrerantzean, Hitzarmena) Eusko Jaurlaritzak ekonomia-, ekoizpen- eta industria-eredua “ezagutza”ren ekonomian oinarritutako eredura aldatzeko eginiko apustu irmoan kokatzen da, ekoizpen-jarduerari kalte egin gabe, industria-jardueraren espazio berriak sendotzeko aukera emango duena.

Euskadik etengabe gertatzen ari diren aldaketei erantzun behar die datozen urteotan, Europako ekonomiaren buruan egon ahal izateko, eta, horretarako, ezagutzan oinarritutako produktu berriak eta ekoizpen-prozesuak sortu behar ditu; azken batean, Europan erreferente izatea nahi da, berrikuntza kontuetan.

Europa 2020 Estrategiarekin bat, ikerketa- eta berrikuntza-politikako planeamendu berriak areagotu egiten du lankidetza ikerketa- eta berrikuntza-katean, eta, horrela, aukera ematen du ideia sortzen denetik merkatuan sartzen den arteko denbora murrizteko.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak Zientzia eta Teknologia Plana onetsi du, “Espezializazio Adimendunaren Estrategia” Euskadi 2020. Plan horretan, honako hauek ezartzen dira ildo estrategiko gisa: espezializazioko “lehentasunak” identifikatzea, horietako bat energia izanik (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak), bai eta “industria-lidergoa indartzea ere, lankidetza publikoaren eta pribatuaren bidez”. Horretarako, aipatutako lankidetza publikoaren eta pribatuaren eredua indartzea proposatzen da, lehentasun estrategikoei lotutako eremuetan proiektuak identifikatzeko eta sustatzeko tresna baliagarri gisa.

II. PETRONORek estrategia gisa tokiko hornitzaileen oinarria sendotzea duela, helburu bikoitzarekin:

1. Lehiakortasuna hobetzea, eskuratzen dituen produktu eta zerbitzuetan balio erantsia hobetzeko, lehiakortasuna areagotzen laguntzen duten hiru elementuetan aldi berean hobekuntza esanguratsuak lortzeko: kalitatea, prezioa eta epea. Horretarako, hornitzaileekin lankidetzan jardun eta akordioak ezarri behar dira, horien hobekuntzaren bidez, bai kudeaketaren ikuspuntutik, bai teknologia sartzearen ikuspuntutik, hobekuntza esanguratsuak lortu ahal izateko produktu eta zerbitzuen balio erantsian.

2. Gizarte-erantzukizunaren jarduketa aktiboan aurrera egiteko apustu sendoa egitea eta, horretarako, inguruarekiko konpromisoa indartzea, bai eta honako eremu hauetan egiten dituen jarduketak ere: babesa, mezenasgoa, bekak etab. “Tokiko Hornitzaileen Garapen” programa jarri nahi du martxan. Programa horren bidez, gaur egungo krisi-egoerari erantzun nahi zaio; bertan, eskari sozial handiena enpleguaren sorrerarekin dago lotuta. Zuzeneko enplegua sortzeaz gainera, eskari horri erantzuteko formula da tokiko hornitzaileen posizioa sendotzea, beraiekin lankidetzan jardutea beren jarduera eta, ondorioz, elkartutako enplegua areagotzeko. (Nolanahi ere, hori hala izateko, hornitzaileek lehiakortasun maila egokiak lortu behar dituzte).

III. PETRONORek gaur egungo eta etorkizuneko energia-erronkari gizartearekin eta ingurumenarekin konprometituta erantzuten dio, berrikuntza eta teknologia erronka horiei erantzuteko gako-tresna izanik. Berrikuntza teknologikoa energia-eredu efizienteagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko oinarria da, eta hori, neurri handi batean, Repsolen Teknologia Zentroan garatzen da.

Repsolen Teknologia Zentroak berrikuntza irekiaren alde egiten du, lankidetzan oinarritutako sareko lanaren alde, gizarteak dituen energia-erronka berriei aurre egin ahal izateko. Enpresatik berrikuntza sustatzeak eta proiektu erronkariak garatzeak askoz ere eragin positiboagoa dute, baldin eta lankidetzan erantzuten bazaie erronka horiei, gizartea gure lan-ekosistemaren ardatz izanik.

Horrela, onenekin sarean lan egitean sortzen dira energiaren munduan gero eta sarriago aurkitu ohi ditugun erronkei erantzun ahal izateko lankidetza-proiektuak; gainera, garapenerako aukera handiak dira.

IV. Bi aldeek, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek, ulertzen dute lankidetza publikoa-pribatua ezinbesteko tresna dela parte hartzen duten enpresen eta herrialdeko ekoizpen-sarearen lehiakortasuna hobetzeko.

Eusko Jaurlaritzak ulertzen du Petronor aliatu egokia dela bere lehiakortasun-estrategiaren eta politika teknologikoaren garapenean laguntzeko, energiaren sektorean eragile garrantzitsua delako, eta hori da lehentasun estrategikoetako bat; gainera, erosteko ahalmena ere nabarmena da, bai maila globalean, bai zehazki Euskadin. Eskuratutako ondasun eta zerbitzu askok eduki teknologiko garrantzitsua dute eta Eusko Jaurlaritzak industriako “egiten jakite”tik abiatuta ezagutzan oinarritutako ekonomia batera aurrera egiteko ikuspegi estrategikora egokitzen da. Beste alde batetik ulertzen du Repsolen Teknologia Zentroa, energiaren ekoizpenari, efizientziari eta biltegiratzeari buruzko ikerketa-lerro batzuetan erreferentzia mundiala dena, etorkizunerako garrantzi berezia duten eta, aldi berean, garapenerako aukera garrantzitsuak diren proiektu batzuk garatzen ari dela.

Petronorrek ulertzen du Eusko Jaurlaritza aliatu estrategikoa dela, lehiakortasunaren alde egiten baitu eta espezializazio adimendunaren estrategia kontuan hartuta.

Euskadik industrian duen tradizioa eta jakituria gakoa da hornitzaileen oinarria garatzeko; gainera, lehen mailako azpiegitura zientifiko eta teknologikoa du, Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarea, eta horrek aukera ematen du “Hornitzaileen garapen” programa ezartzeko; horietan, enpresa traktoreak, eskaintza teknologikoak eta hornitzaileek lankidetzan jardunez gero, ezagutza gehiago daukaten eta balio erantsi handiagoa ematen duten soluzio, produktu eta zerbitzu berriak gara daitezke.

Beste alde batetik, Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareak berrikuntza irekiko sarearen nodo izateko gaitasuna du; horrek Repsolen Teknologia Zentroaren lankidetza du, etorkizuneko proiektuak garatzeko.

Testuinguru horretan, Petronorrek aitortzen du Eusko Jaurlaritzak inpaktu handiko lankidetza-proiektuak sortzeko industria- eta teknologia-arloko ahalmenak batzeko aukera ematen dioten ikuspegia eta lidergoa dituela.

Aurretik azaldutakoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek erabaki hau hartu dute:

ERABAKIA

Lehenengoa: Hitzarmen honen helburua da honako hauek martxan jartzeko lankidetza-esparrua ezartzea:

– “Hornitzaileen garapen-plana”, oso lehiakorrak diren hornitzaileen plataforma sortzeko, Oil&Gas sektorerako.

– Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareak Repsolen Teknologia Zentroak sustatutako ikerketa-proiektuetan parte hartzea bultzatzea.

Bigarrena: “Hornitzaileen garapen-plana” martxan jartzean, aldeek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

– Euskadiko Oil&Gas sektoreko egungo hornitzaileak eta izan daitezkeenak identifikatzeko.

– Horietako bakoitzak sektorerako hornitzaile lehiakor gisa duen ahalmena ebaluatzeko.

– Ahalmena duten hornitzaileei laguntza emateko beren “Garapen-plana” zehazteko, lehiakortasuna hobetzeko, produktuari edo zerbitzuari ezagutza emateko eta “kudeaketa aurreratu”aren eredurantz egiteko kudeaketa aurreratuan hobetzeko.

Eremu horretan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du enpresen analisi lehiakorra egiteko zenbait tresna eskura jartzeko, bai kudeaketaren eremuan (Innobideak-Kudeabide programa), bai teknologiaren eremuan (Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarea).

Petronorrek, bestalde, konpromisoa hartzen du enpresen eskura jartzeko, bere langile adituen bidez, sektorearen eskariei eta etorkizuneko garapen-ildoei buruzko ezagutza.

– Hornitzaileei beren “Garapen-planen” ezarpenean laguntzeko.

Eremu horretan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen du hornitzaileei jakinarazteko beren “Garapen-plan”etan jasotako neurrien ezarpenean laguntzeko zer laguntza-programa jaso ditzaketen.

Petronorrek, bestalde, konpromisoa hartzen du bere eskaintza-eskarietan hornitzaileek “Garapen-plan”en esparruan izan dituzten aurrerakuntzak balioesteko eta produktu eta zerbitzu berritzaileen probak sustatzeko; horretarako, sartu beharreko emaitzei eta hobekuntzei buruzko informazioa emango eta kontrola egingo die enpresei, horiek bideragarriak izan daitezen eta, emaitza egokiak lortuta, merkatuan sartzeko erreferentziazkoak izateko.

Hirugarrena: Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareak Repsolen Teknologia Zentroan parte hartzeari dagokionez, aldeek honako konpromiso hauek hartu dituzte:

Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareak, gaitasun zientifiko eta teknologikoak kontuan hartuta, Repsolen Teknologia Zentroak sustatutako garapen-ildoetan “bazkide” izan daitezkeenak identifikatzeko.

Intereseko zenbait arlotan duten ezagutza kontuan hartuta, zenbait proiekturen garapenean lankidetzan jardun dezaketen pertsonak identifikatzeko.

Laugarrena: Hitzarmen honetan aurreikusitako lankidetza behar bezala garatzeko, aldeek lan-taldeak eratuko dituzte eta dagozkien solaskideak izendatuko dituzte; horien identitatearen berri emango zaio beste aldeari. Talde horiek koordinatuta egongo dira eta aldian behin lan-saioak egingo dituzte, Erabaki honen helburuak betetzeko.

Bosgarrena: Hitzarmen hau indarrean jarriko da sinatzen den egunean bertan, urtebeterako (1), eta luzatu ahalko da, aldeek hala erabakita.

Dokumentu hau sinatzeak ez die aldeei ekarriko kontraturik sinatzeko beharrik, eta ez du ekarriko betebehar ekonomikorik edo bestelako betebeharrik sortzerik, dokumentu honetan jasotako lankidetza-betebeharrak alde batera utzita.

Aurreko guztiarekin bat, edonolako betebehar ekonomiko beste dokumentu batean arautu eta ebatzi beharko da, alde biek hala adostuta.

Adostasuna adierazteko, aldeek Hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte, ondorio bakarrarekin, goiburuan agertzen den lekuan eta egunean.