Petronorrek urtean 3,35 milioi euroko aurrezpen energetikoa lortu du Kogenerazio Unitatean hobekuntzak egin eta gero

Petronorrek 2,4 milioi euro inbertitu ditu Kogenerazio Unitateko (CG6) metxeroen ordez, NOx (nitrogeno oxido) gutxi sortzen dituzten metxeroak jartzen. Aldaketa horrek berekin ekarriko ditu ingurumen hobekuntza handiak, eraginkortasun energetiko handiagoa eta garrantzizko diru aurrezpena. Urtean 3,35 milioi euroko aurrezpen energetikoaz ari gara.

Ingurumenari erreparatuta, egindako aldaketek Kogenerazio Unitatean NOx emisioak %80 murriztea ekarriko dute, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ingurumen baimen integratuak eskatzen duenaren aldean, NOx isuriak %70etik gora murriztuko dira, Europar Batasunak 2016rako ezarriko duen araudiaren aldean (815/2013 ED), eta CO2 isuriak %10 inguru gutxituko dira.

Eraginkortasun energetikoaren ikuspegitik, presio handiko lurrunaren kontsumoa orduan 7 tona inguru murriztuko da findegian eta hondar-beroa baliatuta, orduan 9 tona lurrun aurreztuko dira.

Horrek guztiak urtean 3,35 milioi euroko aurrezpen energetikoa ekarriko duela kalkulatu da. Urtero aurreztuko dena, beraz, behin egindako inbertsioaren zenbatekoa baino handiagoa izango da.