Arrisku geopolitikoak, berpizkunde teknologiko industriala eta Europako Energi Batasuna

Emiliano Lopez Atxurra hitzaldian zehar.
“Historia moderno osoko garairik kitzikagarriena bizi izaten ari gara. Ideia berriak, eta etorriko direnak, zientzien eta teknologiaren arloa ureztatzen ari dira. Arlo horrek dakarren fruitua gure bizitza eraldatzen ari da gaur egun, baita ekonomia, gizarte harremanak, bizikidetzaren inguruko gure gizarte erakundeak eta nazioarteko gizartea ulertzeko modua ere”.

Ian Goldin, Oxford-eko Unibertsitatea (Davos 2016)

 
“Energi baliabideen kontrola funtsezkoa da. Horrela kontrolatzen da hazkunde ekonomikoa”

Bernice Lee. Chatam Houseko ikerlaria.

 

Laburpen exekutiboa

Energia gizateriaren historian. Lehen mailako bektore estrategikoa da bere garapen sozio-ekonomikoan eta bizi-baldintzen hobekuntzan. Hala izan da eta hala izaten jarraitzen du.

Baina badu ifrentzua ere: lehiakortasuna elikatu izan duen eta elikatzen duen eragile nagusia izaten jarraitzen du eta, zoritxarrez, gizakien arteko gatazkak eta gerrak ere bai.

Energia, oinarrizko beste natur baliabideak bezala, ura esaterako, gerra klimatikoen muinean sartu da. Horren ondorioz, mundua ezegonkortzen hasi da eta, Europako Merkatu Komuna sortu zenetik, erronkarik handienaren aurrean jarri gaitu europarrak. Gure inguruko herrialdeetako milaka, milioika gizaki ari dira ate joka Europan sartu ahal izateko eta aterpea lortzeko bakezko gune batean, betiere duintasunez bizi izateko aukerak baliatzeko esperantzarekin.

Ez dut atzera egingo historian, historiako ibilbidean, baina hala egitea komenigarria izango litzateke, kontzientziatu egingo baikinateke gizakiaren bilakaeraz, hots, bilakaera horren erritmoez, eta batez ere kontuan izan behar dugu zibilizazioaren memoria ez dela hasten ez bukatzen norberaren buruan. Alabaina, ezin aipatu gabe utzi 1900eko Pariseko Erakusketa Unibertsalaren inaugurazioa, «Bakearen eta Armoniaren sinboloa», eta ondoren hedapen ekonomikoa, berrikuntza, kosmopolitismoa, armonia eta bakea nagusi ziren historiako aro batean azaldu ziren. Hori guztia bikain islatu zuen Stefan Zweig-ek bere Atzoko mundua lanean, eta oso ondo bildu zuen Margaret Mc Millan historialariak bere entseguan: 1914. Baketik Gerrara. Bi irakurketa horiek, garai hauetan, nolabaiteko larritasuna sortzen dute, elkarren antzekotasun handiagoa dutelako. Eta jakin badakigu gizakiak harri berarekin bi aldiz egiten duela estropezu. Ona da memoria historikoa izatea, zeren eta, hala, moteldu egiten baitira harrokeria eta handikeria, dimentsio egokian uzten dute guztia. Batez ere gauzen gaineko bidezko ikuspegia izan lezake norberak; gaitz berdinetan ez erortzea galarazten du memoria historikoak, ingurune desberdinetan izanik ere.

Historia modernoa nahiz garaikide birpasatuta adibide gisa ikus dezakegunez, Indiako Ozeanoa eta Asiako hego-ekialdea gune komertzialak eta geoekonomikoak izan ziren, goraldian eta garrantzitsuak garai hartako munduko ekonomian. R. Kaplan-ek, besteak beste, ondo baino hobeto deskribatzen du Indiako itsasoari buruzko bere azterketan, Monsoon, The Indian Ocean and the Future of American Power izenekoan (RandomHouse, 2010).

Palmiraren suntsiketak asaldatu egiten bagaitu, kontzienteak izan behar dugu ez dela soilik ISISen sarraskia, baizik eta greziarren eta erromatarren zibilizazioa deuseztatzeko ondo neurturiko ekintza. Anatolia, Tigris, Eufrates eta Afrikako iparraldea Greziaren eta Erromaren zati izan ziren. Eta mendebaldeko gure zibilizazioaren oinarriak greziarren eta erromatarren zibilizazioan daude.

Bizikidetzarako eta herritarrentzako gune komun dinamikoa eraikitzen dugu Europako Batasuna osatzen dugun Europako herriok. Horregatik, garenaz jabetu behar dugu europarrok, Jean Monnet-en espiritua ez dadin zapuztua izan:

“Ezin geldi gaitezke gure inguruan, mundu osoa mugitzen ari denean. Nahikoa azaldu al dut sortu dugun Erkidegoa ez dela helburua berez? Historiako aurreko fase batean gure bizitza nazional moduak sorrarazi zituena luzatzen duen eraldaketa-prozesua da. Atzo bezala, elkarrekin bizi izaten ikasi behar dute gure herriek, askatasunez onartutako arau eta erakunde komunen pean, Erkidegoaren aurrerabiderako beharrezko dimentsioetara iritsi eta bere etorkizunaren jabe izateari eutsiko bazaio. Iraganeko nazio subiranoek egungo arazoak konpontzeko eremua izateari utzi diote. Eta Erkidegoa bera ez da geroko mundua antolatzeko moduetarako etapa bat baizik”.

Monnet-en Memoriak (1976) lanari dagokio testua, eta nahitaez irakurri beharko litzateke Europako hezkuntza sistema osoan. Hala, zenbait gauza ahaztea galaraziko genuke; izan ere, bizikidetzan eta garapen sozio-ekonomikoan eragin handia duten atzerapen historikoak dakar horiek ahazteak.

Ahalegin handiz eraikitako legatu hori ahantzi eta Europa zaharrera itzultzen bagara, otsaileko azken 18/19ko zorigaiztoko Kontseiluak dioenez, kontzienteak izan behar dugu Eurasiako mendebaldea arrisku fasean sartzen dela, ziurgabetasunez beteriko etorkizunean. Balkanizazioaren birus hori Europako gunean barrean hasi da hedatzen, eta “Sarajevo” gehiagorik ez egoteko terapia bakarra Europa gehiago da.

Jacques Delors oso jabetuta dago horretaz eta, bere Erakundearen bitartez, Europako Energi Batasunaren ideian jarri zituen indarra eta ardatza orain dela bi urte, zeren eta energia –termino geopolitikoetan eta teknologiko-industrialetan—1951eko Pariseko Itunaren ondotik martxan jarritako Europar Batasunaren funtsezko zutabea da.

Zertzelada labur horren bidez, hauxe besterik ez dut nabarmendu nahi: egungo mundu ezegonkorrak irakurtzen eta interpretatzen jakin beharra dagoela aurre egin beharreko arriskuak ebaluatu ahal izateko. Inflazio informatiboa desinformazioarekin batera datorkigu, eta albisteen eta irudien abiadura dela-eta, hutsal eta indarrik gabekoak bihurtzen ari dira murgilduta gauden aldaketa sakonak. Gainera, bizi garen agertoki zailaren ezagutza zorrotza eragozten dute.

Trantsizioaren aroan gaude murgilduta, dela giza zibilizazioaren terminoetan dela munduko gizartearen antolamenduari dagokionez. Alde batetik aurrerapen teknologikoak eta etorkizun gosez diren eta bizitzarako aukerak nahi dituzten milioika pertsonen agerraldiak dira eredu berrirako trantsizio honen energia. 4.000 milioi gizakik baino gehiagok gure moduan bizi nahi dute, eta eskubidea dute horretarako. Horixe da Pariseko Goi-bileraren ardatza. Laurent Fabius-en lan diplomatiko bikaina izan den Parisekoa bezalako Akordioak, beste goi-bilerek ez bezala, itzal luzeko dinamika sortu du, eta eragin nabarmenak izan ditu murgilduta gauden nazioarteko mundu hau berriz eratzeko prozesuan.

Jokabide iraunkorragoak bilatzeko abiapuntua da Paris. Izan ere, munduak, goranzko bidean eta garapen bidean diren herrialdeek energiaren aldetik duten eskaria legez, 90 bilioi dolar inguruko inbertsioa egin beharko dute azpiegituretan datozen 15 urteetan, Munduko Bankuaren zenbatespenen arabera, gehienbat hiri eta eskualde azpiegituretan. Horietatik ia %75 garapen bidean diren herrialdeetan burutu beharko dira, bereziki dagoeneko batez besteko diru-sarrera nabarmenak dituztenetan eta, ondorioz, hazteko beharra dute, urbanizazio bizkorrak behar dute eta atzerapen handia dute energiaren eta mugikortasunaren aldetik duten eskaria azpiegituretan betetzeko. Testuinguru horretan, ona da gogoraraztea munduko energi eskaintzaren %80 eta haren elektrizitate eskaintzaren bi heren baino gehiago erregai fosiletatik datozela.

Munduko geografiaren errepaso laburra eginda ikus dezakegunez, kontzentrazio demografikoa dugun munduan, eta adin-piramideak, hiri kontzentrazioen prozesuen abiadurek bezala, Asiako hego-ekialdea eta Afrika erakusten ditu, gehienbat, etorkizunaren eta muturreko arriskuen protagonista. Egoera horrek dakarren arazo delikatua aintzat hartu da Parisen, eta berriz ere galarazi du Ipar-Hegoa haustura. Baina arazoaren mailak ez du behera egiten eta, akordioak jarraipena izan dezan, lau arlo hauek landu behar dira nahitaez: Inbertsioa, Erakundeak, Pizgarriak eta Berrikuntza. Egonkortasuna da helburua. Izan ere, goranzko geo-ekonomiek, energiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik iradoki ditugun arazoekin batera, kasu gehienetan arazoak dituzte klimaren eta uraren aldetik, eta horiek arazo guztiek eragina nabarmena dute eskualde eta mundu mailako segurtasunean.

Europa ondoko herrialdeak, gaur egun, munduko arazoen ardatza dira, eta energiaren eta klimaren ingurukoak ez dira txikiagoak bertan. Energiaren sektorean arreta soil-soilik iraganeko erosotasunean jartzeak ondorio bakarra dakar: gatzezko estatua bihurtu gaitezela. Ausarkeriaz jokatzea da energia konbentzionala eta klima prozesu kontraesankortzat hartzea. Ingurumena mundua eraldatzeko palankatzat hartzea, berriz, aukera da energiaren sektorerako. Klimaren aldaketa Europako egongelaren erosotasunetik ikustea neokolonianismo modu berria da. Ingurumena eta energia apustu teknologiko-industrialik gabe aintzat hartzea hondamendi sozialaren eta ekonomikoaren ataria da. Eta halaxe jarrai dezakegu.

Energia dagoeneko ez da mundua soilik Europaren ikuspegitik begiratu beharreko gaia. Energia Europako eragile nagusia da, baina munduko beste geo-ekonomia batzuena ere bai. Desberdintasuna izan behar da gure lehiaren ikurra eta ardatza, energiaren aldetik dugun mendekotasuna baloratuta; gure baliabideen balioespen orokorraren aldeko apustua da, eskuragarri ditugun teknologiarik hoberenak aplikatuz, ekoizpenaren nahiz energi eraginkortasunaren aldetik. Eta hori lortzeko, berpizkunde teknologikoa eta industriala behar da Europan, energi industriaren modernizazio osoa eta energia-iturrien gaineko begirada berezi bat, hots, Iraunkortasuna ardaztzat hartuta, eskuragarri dugun teknologiarik hoberena erabiltzea inolako aurreiritzirik gabe. Hala eskatzen digu Europaren energi subiranotasunak.

Abian da eskualde-blokeen eta herrialdeen arteko lasterketa teknologikoa eta industriala lehiaketa terminoetan, eta Europaren berpizkunde tekno-industriala erronka da gure biziraupenerako. Testuinguru horretan, François Hollandek eta Angela Merkelek 2014ko otsailaren 4an abiarazitako energi trantsizioa eta energi trantsiziorako programa Europako industriaren muina ukitzen ari dira. Mundu berri baten aurrean gaudela pentsatzeko nahikoa datu ditugu. Horien artean:

– 2015. urtean bizi izan ditugun energi konpainien “impairment” deritzenak, non “mundu zaharra” izenekoa ixteko prozesua zehaztu den, Engie-ko Gérard Mestrallet-ek adierazi zuen bezala.

– Estrategia berriak daude, eta horietan argi eta garbi bereizten dira, termino korporatiboetan, energi mundu konbentzionala eta energi mundu berria, E.On-en gauzatu den legez.

– Engie-ko CEO den Isabelle Kochek berriki egin dituen adierazpenak; izan ere, Mestrallet-en berezko oinordekoa eta Europako energi industriako pertsonalitate garrantzitsua da. Haren ikuspegi estrategikoan, energi trantsizioa da ardatza.

– Shell-ek, Total-ek eta beste konpainia batzuek hedaturiko estrategiak, zeinen ondorioz energia anitzekoak eta trantsizioan dauden eragile nagusi bihurtu baitira.

– Oinarri tekno-industrialek energi trantsizioaren horizontean duten gero eta protagonismo handiagoa eta, era berean, energi enpresenean.

– Eta ekonomia digitala disrupzioz sartzea energiaren ekoizpenean eta kudeaketan, non bezeroa den protagonista nagusia.

Horiek datu garrantzitsu guztiek erakusten digute mundu berri baten aurrean gaudela. Erantzuna eman behar diegun mundu berria.

Eta Petronorrek ere bai. Ohartxo bat besterik ez. Energia saltzen duen konpainia gara gu eta, horrenbestez, askotariko energia eskaintzen duen plataforma bilakatu eta bihurtu behar dugu, hainbat euskarritan dibertsifikaturiko energia hain zuzen: hidrokarburo konbentzionaletik hasita elektroietara. Mugikortasunaren eragile garrantzitsuak gara, prozesu konplexuetan jakintza dugun eragile industrialak. Adimenez eta berrikuntzak erabiliz eraldatu behar ditugu gure gaitasunak, eta datorkigun mundu berrira egokitu. Horregatik behar dugu begirada desberdina, eta energi mundu berrira birmoldatzeko estrategia betearazi. Energia mota askotariko proiektu baten zati gara, energiaren ingurune berriari erantzuteko tresna industriala eta zerbitzuko tresna.

Orain artean ezagutu izan duguna ez bezalako agertokian murgilduta dago mundua. Energia fosilen munduan, haustura-prozesua ekarri du 2014. urteak 1974. urtean sortutako aldiarekiko. Haustura-prozesua gertatu zen 73ko krisian Zazpi Ahizpek 1923tik arauturiko petrolioaren arloarekiko ere. Mundu berria zabaldu da, eta bere berrikuntzan, osagai geopolitikoa du, zibilizazio osagaia, osagai teknologikoa eta nazioarteko gizartea eta kontzertua birmoldatzeko osagaia.

Kontzienteak izan behar dugu nazioarteko gizartean sortzen ari den geografia politika berria dugula, baita Txinak Eurasiako rimland-en gero eta eragin handiagoa duela (TheGeography of the Peace, Nicholas J. Spykaman) eta AEBko funtsezko interesetan eragina duela.

Mendebaldean badu eragina Txinak munduko hainbat eskualdetan natur baliabideak metaka eskuratzeak, hala nola Afrikan eta Hego Amerikan. Horren ondorioz, eragile garrantzitsu bilakatu da geografia politiko horietan. Ezin ahantzi ditzakegu helburuok lortzeko mugiarazten ari diren finantza-baliabideak ere, hain zuzen ere zuzeneko inbertsio edo mailegu gisa, mundu mailako finantza-tresnak sortuz, Bretton Wodds-en ondoren eraikitako habitatetik harago, etab. Eta zuzenago eragiten digunari dagokionez, Txina eragile garrantzitsu bilakatu da Latinoamerikarentzat. Aski da gogoraraztea eskualde horretan duen inbertsio bolumen handia, merkataritza termikoetan duen presentzia aktiboa (CEPALen arabera, haien merkataritza-fluxuak %19,3 izango dira 2020an, eta EBri kenduko dio bigarren postuan bazkide komertzialaren zerrendan), baita Txinako Li Kegian lehen ministroak Brasilera eginiko azken bisitaldian erabilitako datu ekonomikoak (50.000M$, Atlantikoko kostaldea Peruko Ozeano Bareko kostaldearekin lotzeko proiektuaz gain).

Txinaren estrategiak bete-betean eragiten dio Hego Amerikako balio komertziala balioesteko prozesuari; Brasil bezalako eskualde mailako potentziaren onginahiarekin. Izan ere, Lularen ideia bat garatzeko ari da buru-belarri, hots, Latinoamerika ez izatea Estatu Batuei loturiko kontinentea, hamabi bat estaturena baizik, betiere ere Brasil liderra dela. Nazionalismo brasildarrarekin eta mundu osoan eskualde mailako potentzia izateko etengabeko esperantzarekin lotzen da Brasilgo kanpo politika. Ondo baino hobeto ulertu zuen hori Xi Ping-ek, eta bere estrategia gauzatzen ari da kanpo politikan, munduko potentzia gisa. Lehoi atsegina, baketsua eta zibilizatua, esnatu egin dena. Arazorik sortu nahi ez duena. Baina arazoei beldurrik ere ez diena.

Testuinguru horretan, AEBek ikuspegi eta estrategia berria behar du bere kanpo politikan. Eta, etsenplu gisa, Kubarekiko bere jarrera aldaketa errealismo gozagarria da Gerra Hotzaren mundu zaharretik konpondu gabeko arazoa pragmatismoaz lantzeko. Izan ere, bere ikuspegi estrategikoa baldintzatzen dio egoera horrek: Latinoamerikan duen rola berreskuratzeko eta indartzeko erronka, interes nazionalagatik ere bai, eta beste batzuei tokirik ez uztea. Txina eta AEB dira egungo mundu-ordenaren bi zutabeak, eta ez dakit etorkizunekoak ez ote diren.

Kezkagarria iruditzen zait Europako arlo horiekiko duen distantzia eta bere ezgaitasuna. Eta Espainiaren isilune sakona, adierazpen sinbolikoetatik harago, zoritxarra. Estatu politikarik ez izateak ahultasun muga dramatikoa ekarriko dio Espainiako kanpo politikari, eta oso ondorio desatseginak izan ditzake arlo askotan, bai ekonomiaren aldetik, bai politika mailan.

AEBra itzulita, Latinoamerikatik harago, estrategia berriaren ardatza energiaren arloko mendekotasunik ez izatea da, bere indar teknologiko-industriala berreskuratzea eta baliabideak bere funtsezko interes estrategikoa aldeztera bideratzea. Horrek ondorio nabarmenak ditu bere kanpo politikan, non arreta nagusia Asiako agertoki berrian dagoen jarrita, baita honako hauetan ere: Atlantiko eremuan duen rola birkokatzea Atlantikoko bere elkartasunari begira, Europaren zalantzako eginkizuna eta begirada Afrikan jartzea, nazioarteko gizarteak datozen hamarkadetarako eragiketen gunea izango den aldetik.

Errusiari dagokionez, Errusiak eta Europako Batasunak garai bateko Sobietar Batasuneko herrialdeetan duten eragin-gatazka utzi du agerian Ukrainako krisiak. Europako kanpo politikaren eta segurtasun komunaren aldetik gabezi handia dagoenez gero, zailagoa da seriotasuna eta konpromisoa lortzea inguruko herrialdeekiko politikaren arloan. Politika hori 2003an abiarazi zen, gehienbat Alemaniaren eraginpean, zeren eta berak elikatu baitu eta elikatzen baitu garai bateko Sobietar Batasuneko herrialdeetako herritarrek demokrazia eta bizitzarako garapena eta aukerak lortzeko duten esperantza.

Dezepzio hori are larriagoa da orain Batasuneko bi ahultasun estrukturali eragiten diolako: immigrazio politika eta garai bateko Europako Erdialdeko eta Ekialdeko herrialdeen zailtasunak. Aipaturiko herrialde horiek batu egin dira kohesio programei eraginkortasuna emango dieten gardentasun arauak eta arau demokratikoak aplikatzean izandako porrotagatik, betiere eginkizun historiko handi horretarako nahikoa baliakizunak ez dagoela ahaztu gabe.

Errusiak Euro-Asiako Batasunaren alde eginiko apustua kontrapisua sorrarazi dio Europar Batasunari eraginpeko guneen kontrolean Uralen eta Kaspiar Itsasoaren geografian. Izan ere, Errusia, Eurasiako energia-hornitzaile nagusia, Europaren mendekotasuna eta kanpo politika komun ahula baliatzen ari da potentzia gisa eta Erdiko Asian eta Ekialde Ertainean egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko duen posizioa berreskuratzearen alde. Errusiaren protagonismoa ez da garrantzi txikikoa, Europar Batasunerako eta eskualdean duen posiziorako ere ez. Turkia, hainbat ikuspegitatik, bete-betean sartzen da Europar Batasunaren, Errusiaren eta Turkiaren arteko hiruko harremanetan. Eta jokoan jartzen ditu hurreko gai delikatuak hala nola Armenia eta Azerbaian eta Siria.

Horrez gain, Afrikako iparraldeko egonkortasunik ez dago, non hauxe izan baita kanpo politikaren eta segurtasun komunaren ezaugarri nagusia: ahulezia eta estrategiarik eza. Bestelako arriskuak ere baditu:

– Libiako zatiketa.

– Aljeriak bizi duen ezkutuko gatazka instituzional zaila –arrisku handia dakar egonkortasunerako eta segurtasunerako-.

– Daesch-en presentzia kezkagarria, gero eta indartsuagoa Sahelen.

– Asaldaketa konplexuan murgilduta dagoen Ekialde Ertaina, osagai erlijiosoekin eta historikoekin, eraldaketa sozio-ekonomiko eta kultural handiekin.

– Europaren energi mendekotasuna, eta halaxe islatzen da ageri-agerian gasa Errusiatik, Erdiko Asiatik eta Aljeriatik mugiarazten duten garraio sareetan.

Horrenbestez, arriskuen nahasmen handia dugu, non energia eta segurtasuna elkarrekin doazen Europarentzat, eta Batasuneko erakundeen eta bere arduradun politikoen ahuleziak beste osagai kezkagarri bat dakar hain une zailak bizi garen honetan.

Gauzak horrela, Europako energiaren egoerak zer pentsatua ematen digu, eta horretan, oso zentzuzkoa da Delors-ek Europako Energi Batasunaren alde egiten duen aldarria. Gai zaila da Europak eratzen ari den nazioarteko gizarte berrian duen posizioa, bere integrazioa sakontzeko egungo zailtasunak eta abiadura desberdinak eta gobernurako modu berritzaileak eskatzen dituen eredua bideratzeko zurruntasuna kontuan hartzen baditugu. Berriz ere Monnet aipatuko dugu, eta bere Memoriak lanaren amaiera irakurriko dugu.

Testuinguru horretan, murgilduta gauden nazioarteko aldaketa sakon eta sozioekonomikoetan kokatu beharra dago petrolioaren prezioaren hegazkortasuna. Erdi-erdian dago.

Arrisku geopolitikoek zalantzan jartzen dute petrolioaren horniduraren segurtasuna, baita Europako gure herritarren egonkortasuna ere. Energi politika komuna eskatzen dute nahitaez, eta beste dimentsio batean jartzen ditu Europako energi aktiboak. Betiko konbentzionalismoek ez dakarkigute etorkizun onik.

Ekonomia digitala indarrez sartu izanak gure energi subiranotasunaren ardatzean jartzen du Europako berpizkunde teknologikoa, eta gorengo mailan kokatzen du energi eraginkortasuna. Teknologiaren eta industriaren aldetik indartsuagoak izatera behartzen gaitu. Energiaren horizonteari beste modu batez begiratzera behartzen gaitu, non ohikoak ez bezalako lankidetza-guneetatik datozen sinergiak, non zerbitzua baita eraldaketa faktore nagusia eta non energiaren ekoizpena beste era batez gauzatzen den.

Hona hemen ingurumenaren eta klima aldaketaren erronkaren ardatza: planeta intentsitate demografiko handiarekin garatzea hiriko hazkunde esponentzialeko eremuetan. Planetaren iraunkortasunaren baitan sartzen da energia, eta energiaren sektoreak jauzi kualitatiboa egiteko duen ahalmenaren araberakoa izango da bere etorkizuna. Eta jauzi hori eman ezean, indar teknologiko, finantzario eta korporatibo handiagoa duten beste batzuek egingo dute, ekonomia digitalaren enpresetakoek hain zuzen ere.

Berpizkunde teknologiko industriala erronka da, zeren eta berekin baitakar ongizatearen gizarte gisa dugun biziraupena, eta segurtasunik gabeko gizartera garamatzaten desoreka sozialak prebenitzeko indarra duen eta zerbitzua ematen duen Administrazioaren oinarria da.

Ibilbide luzeko enpresa-gizon lider batek industriari buruzko bere arrazoibide bikainetan dioenez, hots, Loïk Le Floch-Prigent-ek dioenez, Europak ezin gal dezake industriaren guda eta, beraz, teknologiarena ere ez, beste eskualde-bloke batzuen aurrean, AEB eta Txinaren aurrean.

Hala ulertu dute herrialderik aurreratuenek eta liderrak izateko moduan dauden herrialdeek. Inork ez du etorkizuna oparitzen, egunez egun eraikitzen da, ahalegin handiz eta talentuaren bidez.

Gogor lan egin zutelako eta berrikuntzak egin zituztelako gara gu, gogor lan egiten dugulako eta berrikuntzak egiten ditugulako izango dira haiek.

Europa da gure gune teknologiko-industriala eta mundua, berriz, gure jarduketa-eremua.

Emiliano López Atxurra
Petronerreko presidentea