Julian Mendez: “Etenaldi hau prestatzea erronka izan da”

Julian Mendez, Etenaldi-burua.
Julián Méndez venezuelarrak, industria-ingeniari mekaniko graduatu eta bere jaioterriko petrolio-sektorean lan egin ostean, bere herria utzi zuen Espainian beste aldi berri bat hasteko. Madrilera iritsi eta 6 hilabetera, Repsol Taldeak deitu zion; probak gainditu zituen eta Petronorren hasi zuen ibilbidea. Ia 13 urte egin ditu bertan lanean, azken 3 urteotan, etenaldi-buru gisa.

– Zein eginkizun duzu?

Alde batetik, etenaldi-taldea koordinatu behar dut Petronorreko etenaldi orokorrak planifikatu, antolatu eta egikaritzeko. Beste alde batetik, etenaldi baten plangintzan eta logistikan esku hartzen duten gainerako sailen beharrak koordinatu behar ditut.

-Nola prestatu eta antolatu da oraingo etenaldia? Zenbat denbora lehenago hasi behar da hori antolatzen?

Etenaldia 2016ko urrirako aurreikusi zen, beraz, plangintza 2015eko urrian hasi zen, urtebete lehenago. Oro har, etenaldiak 9 hilabete eta urtebete arteko aurrerapenarekin antolatzen dira.

Etenaldia prestatzea erronka izan da, Petronorren historian inoiz egin den etenaldirik handiena izan baita. Horrenbestez, sail asko koordinatu behar izan dira eta baliabide ugari antolatu, materialak zein giza baliabideak. Plangintza-fasea oso intentsiboa da ikuspuntu teknikotik eta, eremuan, egikaritze-fasea ere oso intentsiboa da ikuskapenari dagokionez.

-Zein da etenaldien helburu nagusia?

Industria-arloko legezko eskakizunak betetzea, hain zuzen, instalazioek ondo funtziona dezaten segurtasun- eta prozesamendu-alorretan. Bestalde, unitate guztiak prestatzeko eta ziklo eraginkorra ziurtatzeko unea da. Halaber, berritze-lanak egiten dira, inbertsioak, eta baldintza teknikoak nahiz eraginkortasun energetikoa hobetzeko proiektuak. Bada, findegiak eguneratzeko eta teknologia berriak ezartzeko era bat da.

-Zein konponketa eta lan egingo dira oraingo etenaldian?

Besteak beste, lan hauek azpimarra daitezke: ganberetako buruak hobetzea, labeetako tutuak ordeztea eta hutseko dorreko betegarrien eraginkortasuna hobetzeko inbertsioa berrikusi eta gauzatzea. Nabarmentzekoa da ere findegiko 1. eta 3. zuzietan egingo den berrikuspen orokorra horiek ziklo berri batera egokitzeko.

-Ezarriko diren berrikuntza teknologikoen artean, zeintzuk nabarmendu daitezke?

Adibide bat jartzearren, aipa ditzakegu HD3-C-1 konpresorean jarriko dituzten gas-itxigailuak. Horien teknologia gaur egun duena baino modernoagoa eta eraginkorragoa da.

Berrikuntza-arloan, izar-programa da abiaraziko dugun industria-proiektua, geolokalizazioari eta leku itxietako kontrolari lotutakoa; Tecnalia enpresarekin batera sortu dugun segurtasun-eskumuturrekoaren bitartez gauzatuko dugu.

-Zertan dira desberdin oraingo etenaldia eta aurrekoak?

Fuel-olia Murrizteko Unitateetan (URF) egingo den lehenengo etenaldia da. Hau guztia berria da guretzat, ezezaguna.

Bestalde, bolumena azpimarra dezakegu. Etenaldien estrategia berriak bateratu ditu URFko eta 2. findegiko etenaldiak, eta hori, antolaketaren eta plangintzaren ikuspuntutik, erronka handia dugu.