Ikasgaiak ingelesez ematen dituzten DBHko 3. mailako 17 ikaslek osatzen dute Somorrostroko “GpZcar” taldea, eta proiektu hau eskolaz kanpoko ordutegian garatu dute, Petronorren laguntza finantzarioari esker. Ikasleek diseinuko tresnak erabili dituzte proiektua garatzen jardun duten garaian, eta luze gabe, standa muntatuko dute hainbat azokatan, egiten ari diren lanaren berri emateko, ingelesez betiere. Horrez gain, automobilgintza, finantza, diseinua, plangintza eta beste esparru batzuetako adituen hitzaldiak hartzen ari dira.
Atzo, otsailak 18, Gaztelueta, Lauro Ikastola, Somorrostro Prestakuntza Zentroa eta St George’s English School Bilbao ikastetxeetako nahiz hainbat familia-taldetako eta Asturiasko edo Madrilgo zenbait gazte-elkartetako 38 talderi atxikitako 400 ikasle baino gehiago Bilboko Kale Nagusian lehiatu ziren haiexek diseinatu eta eraikitako ibilgailuen laguntzaz, Kid’s Kit Car-Greenpower Iberia Elkarteak antolatutako probaren barruan. Bi kategoria zeuden: Goblin (9 eta 11 urte bitartekoa) eta F-24 (11 eta 16 urte bitartekoa), eta azken honexetan lortu zuen garaipena Somorrostroko taldeak. Bertan izan zen, besteak beste, José Ignacio Zudaire, Petronorreko Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendaria.
Egoitza Bilbon duen Kid’s Kitcar elkartea, 6 urtetik gorako umeek trebetasun teknikoak nahiz lidergoko eta talde-laneko gaitasunak ikasi eta praktikara eramatea xede duen Erresuma Batuan sortutako hezkuntza-proiektua lideratzen ari da Espainian, ume horiek lasterketa bat irabazteko moduko ibilgailu elektrikoa beren kabuz diseinatu eta eraikitzeko gauza izan daitezen. Talde bakoitzak komunikazio, finantzaketa, mekanika, diseinu eta elektronika arloetako lantaldeak ditu,… lan kolaboratiboa, arazoen konponketa, norberaren autonomia eta balioak sustatzeari garrantzi berezia emanez.
Greenpower UK ereduaren bitartez, STEAM (Science, Technology, Engineering Arts and Mathematics) gaitasunak bultzatu eta esparru teknikoetako goi-mailako hezkuntzarekiko nahiz karrerekiko jakinmina sustatu nahi da ume eta gazteen artean.
Argazkiak, hemen.