Petronorrek Juan Luis Goenagari buruzko liburua argitaratu du 50. urteurrenean

Juan Luis Goenaga eta Mikel Lertxundi, gaur goizean.
Juan Luis Goenaga euskal pinturako izenik handienetakoa bihurtu da gaur egun. Haren lanak euskal orografian eta kliman inspiratuta daude, sorterriarekin sentitzen duen atxikimendu sakona islatuz.

Mikel Lertxundik idatzia eta Nerea argitaletxeak argitaratuta, liburua euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz argitaratu da.

Liburu honen argitalpenak, Petronorrek, bere 50. urteurrenaren baitan, artea eta kulturaren bultzadan duen konpromisoa agerian uzten du.

Petronorrek, 50. urteurreneko ekimenen barruan, Goenaga izenburuko liburua argitaratu du Juan Luis Goenaga margolariaren bizitza eta lana errepasatzeko. Kultura eta artearen arloko lanen argitalpenean esperientzia luzea duen Nerea argitaletxea arduratu da liburua editatu eta plazaratzeaz.

Mikel Lertxundi arte-historialariak idatzitako liburua euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz argitaratu da. Gainera, liburuak Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria den Miguel Zugaza museografo ospetsuaren hitzaurrea du.

Liburu honen argitalpenak Petronorrek artea eta kulturaren bultzadan duen konpromisoa agerian uzten du. Konpromiso horri lotuta, beste horrenbeste lan argitaratu ditu: “Muñatones-Punta Lucero”, “Gure hegaztiak”, “Itxaskaria”, “Arrantzaria”, “Marcelo Gangoiti y Urrutia”, “San Martín de Muñatones, el Castillo, el Palacio, la Ermita” eta “Nudibranquios de la Costa Vasca” liburuak, besteak beste. Era berean, iaz, “Lazkano” izenburua daraman liburuaren argitalpena babestu zuen. Bergarako margolari errealistaren omenezko liburu hau Nerea argitaletxeak plazaratu zuen. 2017an, halaber, 100.000 bisita baino gehiago lortu zituen Koplowich bildumaren erakusketa babestu zuen Bilboko Arte Ederren Museoan.

Juan Luis Goenaga

Goenaga 70eko hamarkadan nabarmendu zen eta euskal pinturako izenik handienetakoa bihurtu da gaur egun. Haren lanak euskal orografian eta kliman inspiratuta daude, sorterriarekin sentitzen duen atxikimendu sakona islatuz.

Bere estilo espresionista eta materikoak labar-pinturaren eta euskal paisaiaren eta mitologiaren inguruko gai etnografikoak lantzen ditu. Horietara distira gorri, berde eta hori biziekin konbinatutako tonalitate ilunen laguntzaz iristen da nagusiki.

Jardunean egindako ibilbide luzean, margolaria bikoteen munduaz eta biluztasunaz ere interesatu da, gai horien inguruko serieak eta erakusketak landu dituelarik.

Juan Luis Goenagaren obra erreferentzien amalgama baten ondorioa da; paisaiarekiko harreman zuzena, kokalekuetan eta haietan datzan historia, irakurketa zientifikoak eta literarioak, bizipen pertsonalak eta ondare kultural eta artistikoa dira, besteak beste, erreferentzia horiek.

Buru-argitasun eta interes jarraitu hori izan arren, Goenagak ez du ikasketa aldagaitz bat egin, gai izan da, aitzitik, bide desberdinak esploratzeko eta, batzuetan, baita bere burua gezurtatzeko ere; gai izan da, orobat, beste hainbat gauza txandakatzeko: monokromia eta kolorearenganako gogoberotasuna, Alkizan gordean bizitzea eta mundua arnasteko premia, eta naturalismoa, informalismoa eta berari oroz gain nagusitzen zaion muin espresionista. Hala eta guztiz ere, ahots bere-bereaz mintzatu izan da beti, eta, noizbait garaiekiko atxikimendua sentitu izan badu ere, joeretatik urrun eduki du Goenagak bere ahotsa. Azken batean, bere buruarentzat pintatzen du.

Adierazi nahi bati baino, autokontzientziazko konpromiso bati erantzuten dio Goenagaren obrak, bere pertzepzioa kezkatzen duen guztiaz husteko premiari. Pintura bere izatetik ezin bereiz daitekeen errealitate bat da.

Petronorri buruz

Petronor Bizkaian sortu zen 1968an euskal industrialari batzuen eskutik eta aurten 50. urteurrena ospatzen ari da. Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegurik-sortzailerik handiena bilakatu da.

Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu ditu. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.

Konpainiaren filosofiari jarraiki, Petronorrek inguruko kultur garapena bultzatzen du, hainbat erakunde eta antolakunderekin batera gauzatutako lankidetza bidezko jarduerak babestuz.