ENERGIA, HIRI MUGIKORTASUNA ETA IRAUNKORTASUNA -Sumbio’19- (Emiliano López Atxurraren Hitzaldia)

Emiliano López Atxurra, gaur goizean.
Indar-ideia bat nabarmendu nahi nuke inaugurazio ekitaldi honetan. Etorkizuna orainaldian eraikitzen da.

Munduaren urbanizazio-prozesu azkarrean sartuta gaude eta Asiako hego-ekialdeko geo-ekonomia urbanoaren protagonismoa nabarmendu da, mila milioika pertsonaren bizirik irauteko nahiak eta goseak bultzatuta. Aldi berean, nekazaritza eta energia arloetako beharrek eragindako deforestazioa ez da inondik ere garrantzi txikiagoko kontua. Errealitateen koktel honek begi-bistako inpaktuak eragiten ditu giza-ekintza desberdinen giroan eta nahitatezkoa bihurtzen dute giza-bizitzaren iraunkortasunaren erronkari aurre egitea.

Testuinguru honetan, ohiko hizpide bihurtu da Iparra eta Hegoaren arteko etenaz edota nazioarteko gizartean egiaztatzen ari garen eraldaketa sakonez hitz egitea. Gure kasuan, areago egunotan, hiri eta mugikortasun iraunkorrez hitz egin behar dugu, hau da, hiri-sistemetako bizikidetza arloko erronkez.

Karbono-aztarna murriztea da helburu nagusia. Xede hau gure Europa baino zabalagoa eta anitzagoa den munduaren hazkunde sozioekonomikoarekin uztartu beharra dago. Eta horrek mundua XXI. mendeko konplexutasun eta aniztasunaren barruan ulertzen lagunduko diguten estrategiak zehaztu, diseinatu eta gauzatzera behartzen gaitu europarrok.

Hala ere, argi dago, gure muga mentalek bultzatuta, proposamen erretorikoak eta sinplistak egitera makurtzen ari garela, eta muga horiek Europaren lehiakortasun tekno-industrialaren egiazko beharretatik eta gure eredu sozioekonomikoaren lidergoa lortzetik urruntzen gaituzte.

Karbono-aztarnaren murrizketa eta ekosistemaren iraunkortasuna dira helburua. Horiek lortzeko, gobernantza sendoa, protagonismo teknologikoa eta indar industriala behar ditugu, hau da, Europaren lidergoa. Arrisku larrian jarriko dugu gure ongizate sozioekonomikoa, Europaren interesa kontuan hartu eta benetako munduan txertatzen ez baldin badugu. Zehazkiago esanda: ezin dugu arreta galdu Europaren indar tekno-industriala ahuldu eta karbono-aztarna globala aintzakotzat hartzen ez duten estrategiekin. Ondorioz, zera egin behar dugu:

  • Gure posizioak indartzea, horixe baita gure industria ahuldu gabe deskarbonizazioaren bidean aurrera egiteko dugun modu bakarra.
  • Neutraltasuna eta pertsonen mesedeko optimizazio teknologiko-industriala oinarri dituen deskarbonizazioari ekitea, zorroztasunez ekin ere.
  • Karbono-aztarna murrizteko estrategia indartzea, giza-habitatean energia eraginkortasuna eta iraunkortasuna lideratuz.

Estrategia honetan, eta indar teknologiko eta industrialik gabe trantsizio energetikoa alferrikakoa dela kontuan hartuz, hiriak trantsizio energetikoaren protagonista bihurtzen dira, izan ere, berrikuntza teknologikoa hiri-politiken erdigunean kokatuta dago, horiexei atxiki baitzaie munduaren iraunkortasunaren erronka.

Hiria da deskarbonizatzeko politikaren neurria ematen digun ekosistema. Teknologia urbanoen eta energia eta mugikortasun arloetako beharren harira, hiria edo Polisa izan da, da eta izango da, hirigune iraunkorragoen mesedeko aurrerapen teknologikoak gauzaraziko dituen esparrua. Giza-zibilizazioaren hizkuntza hirietan garatzen da. Hiriko bizimodua da bizi-aukera pertsonal eta kolektibo guztiak nahasten dituen arragoa. Berrikuntza teknologikoek hiriko bizimodua eraldatu dute, eta mundu globalean, hiriak izan dira eta dira gizakien adimena eta lankidetza garatzen dituzten nodoak.

Energia eta mugikortasuna giltzarrizko bektoreak izan dira hirien bilakaeran, eta halakoxeak izaten jarraituko dute. Orain inoiz baino gehiago. Laugarren iraultza industrialak, aurreko hirurek bezalaxe, arkitektura desberdinak eraldatuko dituzte, hiri-plangintzatik gobernantza ekonomiko eta fiskaleraino, mugikortasun politikak ere barne hartuz, hauexetan oinarritu baita hirien bilakaera XIX. mendetik gaurdaino. Erronka honi aurre egiteko, beste era batera pentsatu beharra dago. Ezinezkoa da hirian laugarren iraultza industrialeko teknologia berrien integrazioa kudeatzea, mundu teknologiko zaharrari dagozkion kudeaketa arloko paradigma zaharkituen laguntzaz.

Presazkoa da beste era batera pentsatzea herritarren balioetan sakontzen jarraitzeko. Iraunkortasuna da hirien gobernantzaren ardatza, eta teknologia sustatzen du zibilizazio demokratiko eta kohesio sozialaren aldeko faktoretzat. Laburbilduz, egungo hiriak zibilizazio, elkartasun zein sormenerako esparru eta, batez ere, askatasunerako esparru bihurtu dituzten emakume eta gizon guztiek jorratutako bidean jarraitu ahal izateko.

Espero dut kongresu honek hirien iraunkortasunaren kudeaketa adimendunaz helburu estrategikotzat gogoeta egiten laguntzea. Horretarako, funtsezkoa da lankidetza publiko-pribatua. Enpresak ez gara ezer gobernantza publiko eraginkorrik gabe, eta botere publikoak ez dira ezer etorkizun luzeko enpresa eraginkorrik gabe.

Eskerrik asko.

Emiliano López Atxurra