Euskal zinemaren zikloak bi pelikularekin ekiten dio martxoari

‘Ander eta Yul’ filmaren kartela.
Petronorren babespeko ‘68aren ostean’ deritzan erakusketaren inguruko euskal zinemaren zikloak bi film eskainiko ditu gaur eta igandean, martxoak 3. Bi egunetan, 17:30etan eta 19:30etan hurrenez hurren, ‘Viento de cólera’(Pedro de la Sota, 1988) proiektatuko da eta ‘Ander eta Yul’ (Ana Díez, 1989), berriz, 19:30etan eta 17:30etan.

Lehenengoan Juan Echanove eta Pedro Mari Sánchez dira protagonistak. Bi emakumezkok lagundutako bi soldadu Baztango bailaran sartzen dira zaldi gainean. Indietako Ejerzitoko iheslariak dira, Italiara bidean doazenak. Bietako baten herentzia eske dabiltza, León de Balanza Peruko kapitain eta zorterik gabeko soldaduari dagokiona hain zuzen.

‘Ander eta Yul’-ek, aldiz, Goya sari bat irabazi zuen 1989an, zuzendari gazteei ematen zaiena. Film honetan, Ander etxera itzultzen da droga trafikoan aritzeagatik zenbait urtez kartzelan egon ondoren. Iritsitakoan, jada existitzen ez den familia batekin egiten du topo. Miguel Muñarriz eta Isidoro Fernández aktoreak dira protagonistak.