-Geldialdi honetarako inbertsioa 2015ean egindakoa baino % 24 handiagoa izan da, orduko Geldialdiak 42 milioi euroko aurrekontua izan baitzuen.
-Bi hilabete eta erdi iraun duten lan hauetarako, 40 enpresatako 1.500 langile baino gehiago kontratatu dira 450.000 lanordu egiteko.
-Geldialdian aurreikusitako lan guzti-guztiak segurtasunari lehentasun osoa emanez egin dira, izan ere, horretan parte hartu duten langile guztiek Geldialdiari buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute.
-Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesua dira, findegiari eraginkorragoa izaten laguntzen diotenak.
Petronorrek Muskizko Konbertsio unitatearen geldialdia amaitu du, bi hilabete eta erdiko lanak eta 52 milioi euroko inbertsioa egin ondoren. Hauxe da Petronorrek Geldialdi batera inoiz bideratu duen inbertsiorik handiena, 2015ean konbertsio unitatean egindako azken geldialdikoa baino % 24 handiagoa, orduko hartan aurrekontua 42 milioi eurokoa izan baitzen.
Oraingo Geldialdirako, 40 enpresatako 1.500 langile baino gehiago kontratatu dira 450.000 lanordu egiteko.
Geldialdian aurreikusitako lan guzti-guztiak segurtasunari lehentasun osoa emanez egin dira, izan ere, horretan parte hartu duten langile guztiek Geldialdiari buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute.
Geldialdi berri hau, Petronorrek hasiera-hasieratik defendatzen duen etengabeko berrikuntzaren aldeko politikaren isla da. Horrela, geldialdiak iraun duen bi hilabeteetan, 33 milioi euro inbertitu ditu ekoizpen-instalazioen mantentze eta eguneratze lanak egiteko, eta beste 19 milioi ekipoetan hobekuntza teknologikoak inplementatzeko.
Geldialdiko lanei sostengu teknikoa ematen dion Prozesuen Sailetik “ekipoak, ontziak, dorreak, erreaktoreak, andelak eta labeak ikuskatu dituzte, hasieratik inplementatutako hobekuntza guztiak koordinatzeaz gain”.
Konbertsio unitatearen azken Geldialdia 2015ean egin zen, duela lau urte. Oraingo honetan, Petronorrek hobekuntza teknologikorik berritzaileenak inplementatu ditu, konpainiak berrogeita hamar urteko historian bereizgarri izan dituen segurtasun eta berrikuntza arloetako goi-mailako estandarrei eusteko.
Konbertsioaren Geldialdia nahiz unitateak berriz ere abian jartzeko lanak era sekuentzialean egin dira. Bitarte horretan, ekipoak ireki, garbitu, berrikusi eta berregokitu dira, normalean bost urteko iraupena duen hurrengo eragiketa-zikloan behar bezalako funtzionamendua izango dutela bermatzeko asmoz.
Segurtasuna bermatzearren, Geldialdian parte hartu duten langile guztiek, Petronorrekoek nahiz kanpokoek, prestakuntza espezifikoa jaso dute findegiko lan-prozedurei buruz eta Geldialdian egunez egun bete dituzten jardunei buruz. Gainera, Geldialdian, Petronorren segurtasun arloko koordinazio taldea ez ezik, findegiak berariazko laguntza-taldea ere izan du altuerako lanetarako eta erreskate industrialerako.
Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesuak dira, findegiari eraginkorragoa izaten laguntzen diotenak. Oraingo honetan, partikulen jarioa murrizten ere lagundu diote FCC unitatean inplementatutako berrikuntzei esker. Horrela, Petronorrek ingurunearekiko zein ingurunea partekatzen duten pertsonekiko konpromisoa berresten du etengabe.
Aurrekoetan bezalaxe, Petronorren oraingo Geldialdiak ere eragin positiboa izan du ingurunean, izan ere, tamaina horretako mantentze-lan handiek okupazio-maila altua eragin ohi diete eskualdeko ostalaritza eta ostatu zerbitzu ia guztiei.