Industriako LHan emakumeen presentzia areagotzeko kanpaina abiarazi dute

Neskak adar industrialetako ikasleen % 6 baino ez dira, adar horietako laneratze-tasa % 100ekoa izan arren. Egoera horrek atentzioa eman die euskal administrazioei eta gizarte-eragileei, izan ere, enplegu-nitxo segurua izanda ere, langile kualifikatuen gabezia nabarmena du. Ildo horretan, “LHko aitzindariak, zeure bidea jorratu, LH aukeratu” delako kanpaina abiarazi da, gazteei eta bereziki emakumeei LHko titulazio teknologiko jakin batzuek dituzten irteera profesionalak ezagutzera emateko. Kanpainak gertuko erreferentetzat hartu ditu industria sektorean lanean diharduten zenbait emakume; adibidez, Noelia Tejerina, Petronorren laborategiko analista.

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkarteak (Hetel), BBKk eta Euskaltel Fundazioak babestutako kanpaina honetan, Noelia Tejerina eta ikasketa teknikoak dituzten beste neska batzuk hamar bideotako protagonista bihurtu dira, egungo enpresan duten lanaren nondik norakoak azaltzeko. Bideoen osagarri gisa,  “beldurrik eta baliabiderik gabe bide berri bat jorratzea”  erabaki zuten hainbat esparrutako lau emakume aitzindarik egindako iragarkia landu da, Garbiñe Biurrun epailea tarteko, baita kartelak ere ikasgelan lan egiteko.

Horren harira, Petronorrek hamarkada bat baino gehiago darama prestakuntza teknikoaren aldeko apustuan. Hartara, 2008az geroztik, LHko 589 beka banatu ditu adar industrialetan, eta horien % 10,35 neskentzat izan da, aurkeztu diren ia guztiek lortu dutelarik.

Petronorren, egun, 173 emakumek lan egiten dute enpresako hainbat sailetan. Ekoizpenean, 53 emakume daude, eta horietatik 3 administrariak dira, 28 operadoreak, 19 teknikariak eta 3 buruak. Petronorrek berdintasunaren eta lanbide-heziketaren balioak bultzatuz begiratzen dio etorkizunari, eta aurrerapausoak ematen jarraitzen du, emakumeek Findegian duten presentzia gero eta handiagoa izan dadin.