Petronorrek 1. Fintze Unitateko geldialdia hasiko du gaur 49 milioi euroko inbertsioa tarteko

-Geldialdi honetan, instalazioak berrikusi eta berritzeko eta hobekuntzak inplementatzeko lanak egingo dira 1. Fintze Unitatean, findegiak dituen bi unitateetako handienean, urtean 7 milioi tona petrolio gordin prozesatzeko gaitasuna baitu.

-Petrolio gordinaren labean airearen aurreberogailu bat instalatzea izango da geldialdi honetako hobekuntza teknologiko nagusia. Iberiar Penintsulako handiena izango da eta energia-eraginkortasuna hobetzen eta CO2 isurketak murrizten lagunduko du.

-Hauxe da Petronorren aurtengo bigarren geldialdia, izan ere, urtarrilean, Konbertsio unitatea geldiarazi zuen, 52 milioi euroko inbertsioa tarteko.

-Petronorren lan egiten duten pertsonekin batera, 40 enpresatako 1.200 pertsonak baino gehiagok esku hartuko dute geldialdi honetan, eta guztiek geldialdiari buruzko prestakuntza espezifikoa jaso dute.

-Petronorren Geldialdiak findegiari eraginkorragoa izaten laguntzen dioten etengabeko berritze eta hobekuntza prozesuak dira.

 

Petronorrek beste geldialdi bat hasiko du gaur, instalazioak berrikusi eta berritzeko eta hobekuntzak inplementatzeko. Oraingoan, geldialdia Petronorren 1. Fintze Unitatean egingo da, findegiak dituen bi unitateetako handienean, urtean 7 milioi tona petrolio gordin prozesatzeko gaitasuna baitu.

Geldialdi honetan, 49 milioi euroko inbertsioa egingo da, uztailaren lehenengo hamabostaldira arte luzatuko diren mantentze eta hobekuntza lanetarako. Kopuru horretatik, 27 milioi euro instalazioen mantentze eta eguneratze lanak egiteko erabiliko dira, eta 22 milioi euro inbertsio eta hobekuntza teknologikoetarako. Petrolio gordinaren labean airearen aurreberogailu bat instalatzea izango da lan hauetako hobekuntza nagusia. Iberiar Penintsulako findegi guztietan dagoen handiena izango da, eta horren bitartez, energia-eraginkortasuna hobetu eta CO2 isurketak murriztuko dira.

Unitate honetako azken geldialdia 2013an egin zen. Unitate honek Bilboko Portura iristen den petrolio gordina jaso eta prozesatzen du, konpainiaren beste unitate batzuei zerbitzua emateko. Geldialdian, 2. Fintze Unitateak normaltasunez funtzionatzen jarraituko du funtzio berbera betetzeko. Urtean 5 milioi tona gordin prozesatzeko gaitasuna duen 2. Fintze Unitate honi eta Petronorren gainerako instalazioei esker, hauek ere normaltasun osoz lan egingo baitute, bezeroentzako zerbitzua bermatuta egongo da.

Guztira, 40 enpresatako 1.200 pertsonak baino gehiagok lan egingo dute Petronorren geldialdi honetan. Segurtasuna lehentasunezkoa da Petronorren eguneroko jardunean, eta areago geldialdietan, eta horren kariaz, geldialdian parte hartuko duten pertsona guztiek prestakuntza espezifikoa jaso dute prestakuntzan espezializatutako zentroetan. Gainera, Petronorrek segurtasun arloko aitorpena egingo die geldialdian parte hartzen duten enpresei, hauen segurtasun planak balioetsiz eta geldialdian esparru hau zaintzeko egindako ahalegina aintzat hartuz.

Petronorren Geldialdiak

Petronorren Geldialdiak etengabeko berritze eta hobekuntzarako prozesuak dira, findegiari eraginkorragoa izaten laguntzen diotenak. Horrela, Petronorrek ingurunearekiko zein ingurune hori partekatzen duten pertsonekiko konpromisoa berresten du etengabe.

Hauxe da Petronorren aurtengo bigarren geldialdia. Urtarrilean, Konbertsio Unitateko geldialdia abiarazi zuen, 52 milioi euroko inbertsioa tarteko, mantentze eta eguneratze lanak nahiz hobekuntza teknologikoak egiteko.

Aurrekoetan bezalaxe, Petronorren oraingo Geldialdiak ere eragin positiboa izango du ingurunean, izan ere, tamaina horretako mantentze-lan handiek okupazio-maila altua eragin ohi diete eskualdeko ostalaritza eta ostatu zerbitzu ia guztiei.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegu-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu eta 201 pertsona laneratu ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.