Repsolen presidenteak trantsizio energetiko ordenatu eta posibilista defendatu du

Josu Jon Imaz eta Antonio Brufau.
Antonio Brufau Repsolen presidenteak Espainian trantsizio energetikoa  “ordenatua eta posibilista”  izatea defendatu du gaur, Madrilen egindako Akziodunen Batzar Nagusian, izan ere, bestela  “gure herrialdearen balioaren funtsezko zati bat suntsitzeko arriskua dago”,  haren esanetan.

Antonio Brufauk berariaz nabarmendu du Repsolek klima aldaketaren aurkako borrokan hartu duen konpromisoa eta industriak ekonomia garatuak sortu eta mantentzeko duen garrantzia aldarrikatu du. “Industriak balio erantsi handiko lanak eta soldata duinak sortzen ditu, baita hazkundea, ikerketa eta etorkizuna ere”,  adierazi du akziodunen aurrean.

“Neutraltasun teknologikoaren kontzeptua baztertu eta teknologia gutxi batzuen alde apustu egiteak industria sarea suntsitzea dakar, hobekuntzaren mesedeko ikerketa murrizten du eta mundu hobea izateko aukerak gutxitzen ditu epe ertain eta luzean”, gaineratu du Brufauk gaurko agerraldian.

Bestalde, Josu Jon Imaz kontseilari ordezkariak konpainiaren iazko lorpen nagusiak errepasatu ditu, izan ere, 2018an, Repsolek azken zortzi urteotako emaitzarik onena lortu zuen, energia anitzeko hornitzaile gisa izandako hazkundea indartuz.

Josu Jon Imazek ziurtatu duenez, 2018an, “Repsolek garrantzi handiko aurrerapausoa eman du trantsizio energetikoan giltzarrizko eragilea izateko konpromisoan”,  eta abian jarri dituen ekimenen artean, Espainian dagoeneko 870.000 bezero lortu dituen Repsol Electricidad y Gas nabarmendu du.