Petronorrek dagoeneko 41 petrolio gordin mota desberdin fintzen ditu

Petronorrek arrakastaz prozesatu du Errusiako merkatutik ekarritako petrolioa, azken aldi honetan Europako fintze sektorearen erreklamazioak eragin dituena. Kloruroaren portzentaje handia duen petrolio gordina da, eta ingurumenean, banaketan edo kontsumoan kalterik sortzen ez duen arren, korrosioa eragin dezake findegietako instalazio metalikoetan, neurri tekniko egokiak hartzen ez baldin badira.

Urte hasieraz geroztik, 49 petroliontzi sartu dira Bilboko portuan Petronorreko instalazioetarantz, eta produktua hartzean egin ohi diren nahitaezko analisietako batean antzeman da kloruroaren presentzia, materialen korrosio-arriskua saihesteko fintze-prozesu egokia kudeatzeko aukera erraztuz.

Petronorrek dagoeneko 41 petrolio mota fintzen ditu, sorburu eta propietate desberdinetakoak. Horri esker, Muskizko findegia jatorri askotara hel daiteke eta jatorri horien mende egon gabe, hala, mundu-mailako merkatuaren eskaintzari lehiakortasun handiagoarekin erantzun diezaioke.

Produktu organikoa denez gero, printzipioz, gordin bakoitza desberdina da jatorriaren eta lau ezaugarri nagusiren arabera: dentsitatea, sufre-kantitatea, azidotasuna eta izozketa-puntua. Edonola ere, Petronorrek errealitatean eskatzen dituen moten arteko tamaina-desberdintasuna % 5 baino txikiagoa da. Findegiak bereak diren prozesatze-unitateetarako tarte hori ezarri du, hain zuzen.