Prestakuntza, koordinazioa eta informazioa, geldialdi seguruaren oinarri

Petronorren segurtasuneko koordinazio taldea.
Segurtasuna lehentasunezkoa eta negoziaezina da Petronorren, eta horren kariaz, nahitaezkoa da kontratisten eta Findegiko langileen artean egin beharreko lanen kudeaketa egokia egitea. Langileak prestatu behar dira, koordinazioari eutsiz eta informazioa zabalduz.

Oraingo Geldialdian lan handiak egin behar dira, eta arrisku gehiago sor daitezke ingurune berean lanean diharduten enpresen arteko koordinaziotik eta lan horien bat-egitetik lanen zailtasunetatik baino. Hori dela eta, funtsezkoa da segurtasunari buruzko kultura eta prebentzioaren aldeko jarrera barneratua izatea, areago epealdi honetan.

Petronorren, segurtasunaren kudeaketak, prestakuntzari eta jokabideen heziketari lotutako prebentzio arloko neurriak eta protokoloak ditu oinarri, eta segurtasunari buruzko kultura horren isla dira Segurtasun Gida, Lan Baimenak Kudeatzeko Protokoloa eta Plan Logistikoa. Geldialdi honetarako argitaratu diren lehentasunezko eta funtsezko agiri horiek esparru honetako lanak, eginkizunak eta funtzioak kudeatzeko modua zehaztu dute.

Horretatik abiatuta, Geldialdian parte hartuko duen pertsonek lana modu seguruan egiteko behar duten informazio eta prestakuntza osoa hartzen dute beren enpresen bitartez. Gainera, Segurtasun Plan Espezifikoa izatea eta Instalazio Petrokimikoetako Segurtasunari buruzko Oinarrizko Ikastaroa egitea eskatzen zaie, “Esparru Mugatuak”, “Lan Baimenak” eta “SH2aren arriskuak” modulu espezifikoekin batera. Bestalde, nahitaezkoa da Segurtasun Gidaren, Lan Baimenak Kudeatzeko Protokoloaren eta Plan Logistikoaren edukiak ondo ezagutzea. Horretarako, prestakuntza ikastaroak ematen zaizkie homologatutako zentroetan, eta test bat gainditu ondoren, Findean lan egiteko gaitasuna dutela egiaztatzen da.

Petronorren segurtasuna integratua da. Guztien konpromisoa behar da, nork bere erantzukizunaz arduratzea eta gainerakoen konpromisoa sustatzea. Izan ere, segurtasunean, inoiz ez da nahikoa.