Aurkezpen ekitaldian zehar, José Ignacio Zudaire Petronorren Giza zein Antolaketa eta Erakunde Harremanen zuzendariak eskerrak eman dizkie “Fair Saturdayaren antolatzaile eta protagonistei, ikuspegi eta konpromiso irakaspena den ekitaldi honetan beraiekin izaten uzteagatik. Enpresek ere barneratu behar dituzten baloreak dira”.
Inaugurazio ekitaldiak musika konposizio handiak biltzen dituen errepertorio zabala izango du ardatz publiko guztientzako ikuskizuna osatzeko, ikusentzunezko muntaia ikusgarri batez. Hiru ordutik gorako iraupenarekin eta bi zatitan banatuta, musikalak, soinu bandak, konposizio klasikoak, pop musikako kantu arrakastatsuak eta euskal doinu herrikoi ugari tartekatuko ditu. Publikoak modu aktiboan hartuko du parte ikuskizunaren une jakin batzuetan, ikuskizun interaktiboa, zirraragarria eta berritzailea osatzeko asmoz.
Doinu guztiak Bilboko Udal Musika Bandak interpretatuko ditu, Bilboko eta Bizkaiko abesbatzarik ospetsuenetako batzuk tarteko dituen 1.000 pertsonatik gorako koru batek lagunduta. Horiekin batera, nazioartean ezagunak diren bertako bakarlariek parte hartuko dute (Marta Ubieta eta Mikeldi Atxalandabaso, kasu), baita ospe handiko artistek ere; Urko kantautorea, adibidez.
Era berean, Zea Mays izango da talde gonbidatuetako bat, eta bere doinurik ezagunenen bertsio berri-berriak eskainiko ditu. Inaugurazio ekitaldian, Bizkaia osoko ikastetxe ugarik ere parte hartuko dute, musikako ikasleen bitartez.
Fair Saturday ekimenaren nazioarteko lorratzari jarraiki, lehenengo aldiz, Estatuko beste leku batzuetako eta nazioarteko artista gonbidatuak ere azalduko dira agertoki gainean.
Ekitaldian parte hartzen duten artistek eta kultur erakundeek beraien gogoko gizarte-proiektuak babestuko dituzte. Horrela, abesbatzek 500na euroko dohaintza egingo dute haiexek aukeratutako gizarte-proiektuen mesedetan, gainontzeko artistek dagokien ordainsaritik hainbat gizarte-proiekturi emango dieten laguntzaz gain. Ekitaldian lor daitezkeen irabazi guztiak Fair Saturday Fundazioak bultzatutako Barrera Ikusezinak programari zuzenduko zaizkio, bazterketa-arriskuko inguruneetan dauden Bilboko umeei ikasketa artistikoak finantzatzeko.
Prentsa oharra, hemen.